Didau antzerki taldeak ‘Bizi antzerkia!’ obra eskainiko die ikasleei

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 6a, 11:30

Astelehenetik hasita, hamasei saio eskainiko dizkiete guztira Modelo aretoan, 9-12 urte bitarteko haurrei.

Urtero bezala, Ainhoa Agirre eta Juan Manuel Alvarez bikoteak gidatzen duen Didau Antzerki Faktoriak antzezlan bat taularatuko du hainbat goizetan herriko ikastetxeetako ikasleentzat. Egitasmoari datorren astelehenean emango diote hasiera, azaroaren 8an, Modelo aretoan, eta orduan estreinatuko dute Bizi antzerkia! ikuskizun berria.

Guztira, hamasei emanaldi eskainiko dituzte: hilaren 8, 10, 11, 12, 17, 18, 22 eta 24an izango dira, egunean bi saiorekin; bata, 09:15ean, eta bestea, 10:45ean. Aurtengo ikusleak 9 eta 12 urte bitarteko haurrak izango dira.

Eusko Jaularitzako Kultura eta Hizkuntza Sailaren eta Zarauzko Kultura Sailaren laguntza jaso du Bizi antzerkia! antzezlanak. Antzerkiaren bidez, publikoaren sentsibilizazioan eragin nahi du Didauk. Hala, bi pertsonaia xelebreren eskutik, antzerkiaren bihotzeraino sartuko dira, eta ikusleak laguntzaile bihurtuko dituzte zenbait momentutan.