Udalak 23.000 euro jasoko ditu genero indarkeriaren aurka borrokatzeko

Andoni Elduaien 2021ko aza. 7a, 11:00

Espainiako Gobernuaren eskutik dator ekarpen ekonomikoa, eta genero indarkeriaren aurkako neurriak garatzeko programak eta proiektuak egiteko erabiltzeko izango da.

 

Espainiako Gobernuak Genero Indarkeriaren Aurkako Estatu Ituna garatzeko udalei diru ekarpena egingo die; indarkeria matxistaren aurkako proiektuak edo programak sustatzeko. hain zuzen ere. Gipuzkoara 891.542,66 euro bideratuko ditu gobernuak, eta Urola Kostako udalek 107.198,27 euro jasoko dute.

Eskualdetik, Zarautzek jasoko du zenbateko gehien, 23.160,88 eurorekin. Gainerako herriek ondorengoa kopurua jasoko dute: Aiak, 4.759,76 euro; Aizarnazabalek, 3.672,32 euro; Azkoitiak, 13.034,70 euro; Azpeitiak, 16.037,25 euro; Beizamak, 3.126,01 euro; Errezilek, 3.498,84 euro; Getariak, 5.413,09 euro; Oriok, 8.256,84 euro; Zestoak, 6.255,43 euro; eta Zumaiak, 11.726,31 euro.

PSE-EErentzat, “oso albiste ona” da. Funtsak genero indarkeriaren aurkako neurriak garatzeko programak eta proiektuak egiteko erabil ditzakete udalek. Emakumeen kontrako indarkeria prebenitzeko nahiz sentsibilizatzeko kanpainak sustatzeko eta gai horri buruzko informazioa hedatzen laguntzeko materialak egiteko erabili ahal izango dute udalek dirua. Bestalde, udalek lankidetza eta koordinazio tresnak sustatzeko eta laguntza unitateek beren egitekoa gauzatzen laguntzeko aukera izango dute. Halaber, emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei arreta eta informazioa emateko udal zerbitzuak indartu ahal izango dituzte tokiko erakundeek. Profesionalen prestakuntza espezializatura bideratutako jarduerak egiteko baliatu ahalko dituzte udalek funtsak.

“Pedro Sanchez buru duen Espainiako Gobernuaren eta Azkoitiko talde sozialistaren konpromisoa indarkeria matxistaren aurka borrokatzea da eta izango da, Estatuko Ituna betez gizarte honetako gaitz hori desager dadin”, azaldu du PSE-EEk. Funts horien kargura finantzatutako programak 2021eko uztailaren 1etik 2022ko ekainaren 30era bitarteko gauzatu beharko dira.