Lizardi gogorarazi du Zarautz Abesbatzak

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 14a, 10:45

Kontzertu gogoangarria eskaini zuen atzo arratsean Zarautz Abesbatzak Xabier Lizardiren jaiotzaren 125. urteurrena ospatzeko. Lizardi kirol aretora bertaratu ziren herritarrek gozatu ederra hartu zuten emanaldiarekin.

Ez zen gutxiagorako izan. Maitasun handiz aukeratutako errepertorioa eskaini zuen Zarautz Abesbatzak, Antton Valverde musikaria gonbidatu eta bidaide izan zuela. Txandaka aritu ziren kantuan, eta ez ziren falta izan idazle zarauztarraren olerki esanguratsuenen moldaketak: Oi lur, oi lur, Baso Itzal, Bihotzean min dut olerkian oinarritutako Aita Gurea, Izotz ondoko eguzki eta Asaba zaharren baratza, esaterako. Emanaldiari elkarrekin eman zioten bukaera, Bihotzean min dut taularatuz.

Tartean, ezusteko berezirik ere izan zen. Izan ere, Zarautz Abesbatzako zuzendari Jaione Eskuderok Mikel Laboaren Lizardi abestu zuen Joxan Goikoetxea eskusoinu-jotzailearen eta Antxon Sarasua piano-jotzailearen laguntzarekin. Era berean, Zarauzko Musika Bandako hainbat musikarik hartu zuten parte emanaldian zehar.

Kontzertuak, gainera, beste bi gonbidatu berezi izan zituen. Berriki Euskadi Saria jaso duten Anjel Lertxundi eta Alex Gurrutxaga. Biek ala biek  Lizardiren poetikaren nondik norakoak azaltzeaz gain, olerkiak irakurri zituzten. Aurkezle lanetan, berriz, Juan Mari Zubiaurre kazetaria aritu zen.