Xexili egunaren harira, kalera aterako dira herriko musikariak

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 17a, 12:31

Igandean kontzertua eskainiko dute Txinpirin eta Zarautz-Txiki abesbatzek, eta hurrengo ostegunean kalejiran aterako dira Imanol Urbieta musika eskolako ikasle eta irakasleak.

Xexili eguna izango da azaroaren 22an, eta ohitura den moduan, herriko musikariek emanaldi bereziak eskainiko dituzte beren eguna ospatzeko. Zarautzen, igande honetan eta datorren ostegunean izango dira hitzorduak.

Hasteko, Txinpirin eta Zarautz-Txiki haur eta gaztetxoen abesbatzek kontzertua eskainiko dute igandean 19:00etan, Merkatu plazako bigarren solairuan. Zarautz Abesbatzak herriko gaztetxoak animatu nahi ditu kontzertua entzutera. 

Azaroaren 25ean, berriz, Imanol Urbieta musika eskolako ikasleak kalejiran aterako dira herriko kaleak musikaz girotzera. 17:15ean abiatuko dira guztiak musika eskolatik, eta hiru taldetan banatuko dira gero. Txistulariek, trikitilari eta pandero-jotzaileek eta haizezko musika tresnek ibilbide ezberdinak egingo dituzte, eta Lapurdi kalean, musika eskolaren parean, amaituko dute guztiek kalejira.

Musika eskolak jakinarazi du ikaslerik txikienak ez direla kalejiran aterako aurten, baina gelan ospatuko dutela beraiekin musikarien eguna.