Ramon Serrasek tarte berezia izango du aurtengo Nazioarteko Argazki Mostran

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 18a, 10:00
Ramon Serras Photomuseumen (Isabel Agirretxe)

Gaur inauguratuko dute aurtengo Nazioarteko Argazki Mostra, eta Sanz Eneako erakusketa geletan egongo da ikusgai urtarrilaren 16ra arte.

Argazkizale Elkarteak 29. aldiz antolatu du aurten Nazioarteko Argazki Mostra. Gaur inauguratuko dute erakusketa Sanz Eneako erakusketa gelan, eta aurten tarte berezia eskaini diote orain urtebete zendutako Ramon Serrasi. Argazkizale Elkartearen sortzaileetako bat izan zen Serras, eta omenaldi gisa, bere lanen aukeraketa bat jarriko dute ikusgai Sanz Enean. Horrekin batera, Cauhtémoc Campos mexikarraren erretratu koloretsuak, Mario Cearen naturako animali basati ikusgarriak eta Leire Unzuetaren paisaia intimistak ikusteko aukera izango da aurtengo Nazioarteko Argazki Mostran.  

Gaur, ostegunarekin, zabalduko ditu ateak erakusketa laukoitzak, eta urtarrilaren 16ra arte egunero egongo da ikusgai, 18:00etatik 20:00etara.