Jarduera "jostagarriak" antolatu dituzte Haurren Eskubideen Eguna ospatzeko

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 18a, 09:00
Onditz Leizaola teknikaria eta Irune Urbieta zinegotzia, aurkezpenean. (Aritz Mutiozabal)

Larunbatean, Bubble Balls jokoa eta zinema atari zabalean prestatu dute, eta igandean erraldoien eta buruhandien kalejira izango da.

Larunbatean Nazioarteko Haurren eta Nerabeen Eskubideen Eguna izango da, eta horren harira, udaleko Gazteria Departamentuak hainbat jarduera antolatu ditu astebururako. "Eskubideei dagokienez, askotan ahaztu egiten zaigu zein puntutaraino diren funtsezkoak aisialdia eta denbora librea haurrentzat eta nerabeentzat. Jolastea, esperimentatzea, parekoekin askatasunean sozializatzea eta autonomia apurka hartzen joatea eskolan jasotzen duten hezkuntza bezain garrantzitsuak dira", azpimarratu du Gazteria eta Hezkuntza zinegotzi Irune Urbietak.

Haurrak eskolan ikasleak dira, baina bertatik kanpo "beraiek" direla gaineratu du zinegotziak, "beraien indibidualtasun osoan". Era berean, haurren eta nerabeen Eskubideei buruzko hitzarmenaren hamar aldarrikapena gogora ekarri ditu.

Asteburu betea

Hori guztia kontuan hartuta, "jarduera jostagarriak" antolatu dituztela azaldu du Gazteria teknikari Onditz Leizaolak: "Ongi pasatzeko ekintzak izango dira, eta jarrera positiboak egiten ikusteko aukera emango dute". Larunbat goizean, Bubble Balls puzgarriekin bi saio egingo dituzte Salbide parkean; lehenengo txandan haurrekin eta bigarrenean nerabeekin. Bien bitartean, gurasoek ludoteka bisitatzeko aukera izango dute.

Arratsalderako zinema emanaldia prestatu dute atari zabalean. Villa Manuelako frontoian izango da, eta kasu honetan ere bi saiotan banatu dute. Aurrena Terra Willy, planeta ezezaguna filma ikusiko dute haurrek, eta ondoren Oker filma nerabeek; zerbitzuetako hezitzaileek aukeratu dituzte bi pelikulak.

Eguraldi txarra egingo balu, bai Bubble Balls jarduera bai zine emanaldiak Gaztelekura lekualdatuko lituzkete, Une oro, egoerak baldintzatutako segurtasun neurriak hartuko dituztela jakinarazi dute antolatzaileek.

Azkenik, igande eguerdian, ZEBE Zarauzko Erraldoi eta Buruhandien Elkartea irtengo da kalejiran. Udala aholkatu du maskara erabiltzea jende pilaketa den unetan.

EGITARAUA
Bihar, larunbata
10:30-12:00. Bubble Balls haurrentzat (4-12 urte), Salbide parkean (eguraldi txarrarekin, Gaztelekuko frontoian). 
12:00-13:30. Bubble Balls nerabeentzat (12-18 urte), Salbiden (eguraldi txarrarekin, Gaztelekuko frontoian). 
17:00-18:30. Terra Willy, planeta ezezaguna filma haurrentzat, Villa Manuelan (eguraldi txarrarekin, Gaztelekuan).
19:00-20:30. Oker film emanaldia nerabeentzat, Villa Manuelako frontoian (eguraldi txarrarekin, Gaztelekuan). 

Etzi, igandea
12:00. Zarauzko erraldoi eta buruhandien kalejira. Maskara erabiltzea gomendatu dute.