Ramon Serrasen omenezko Nazioarteko Mostra inauguratu dute Sanz Enean

Iñigo Gaiton 2021ko aza. 19a, 10:30

Cuauhtémoc Campos, Mario Cea eta Leire Unzuetaren argazkilarien obrekin ireki dute aurtengo erakusketa. Urtarrilean hil zen Ramon Serrasen argazkiak ere jarri dituzte ikusgai, omenaldi modura. Zarauzko Argazkizale Elkarteak azaldu duenez, aurrerantzean Ramon Ignacio Serras Nazioarteko Mostra izena izango du urtero egiten duten ekimenak.

Atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak Zarauzko XXIX. Nazioarteko Mostrak. Urtero bezala, Zarauzko Argazkizale Elkarteak antolatu du erakusketa, eta beti egiten duten modura, lau artistaren lanak bildu dituzte Sanz Enea kultur etxean. Hain zuzen ere, Cuauhtémod Campos mexikarraren, Mario Cea espainiarraren eta Leire Unzueta euskaldunaren argazkiak daude ikusgai atzotik. Horiez gain, aurten toki berezia dute Ramon Serras zenaren fotoek erakusketa aretoan. Laster urtebete beteko da argazkilari zarauztar ezaguna hil zenetik, eta haren argazkiak ere jarri dituzte Mostran, omenaldi modura.

Horrez gain, Serrasi beste aitortza bat ere egin nahi izan diote, eta atzo azaldu zutenez, hurrengo urtetik aurrera bere izena izango du ekimena: Ramon Ignacio Serras Nazioarteko Mostra.

Atzera begira jarrita, Zarauzko Mostrak bide luzea du dagoeneko. Isabel Agirretxe Zarauzko Argazkizale Elkarteko presidenteak eman du horren berri: "Elkartea 1980an sortu zen, eta hurrengo urtean bazkideen arteko lehiaketak, erakusketa kolektiboak eta lehiaketa nazionalak antolatzen hasi ginen. 1993an antolatu genuen lehen Nazioarteko Mostra. Gaur egun, elkarteak aukeratzen ditu parte hartuko duten artistak. Ramon Serrasen ideia izan zen hori".

Puntako argazkilariak
Agirretxeren hitzetan, izen handiko argazkilarien lanak erakutsi izan dituzte. "Erakusketen alorrean, Mostra izaten da elkartearentzat urteko ekimen garrantzitsuena», zehaztu du. Urte hauetan guztietan, ehundik gora artistekin egin dute lan, "izen handikoak" horietako asko.

Ez du ezkutatu artisten eta obren maila altua mantentzeak atzean duen lana: "Beti saiatzen gara irizpide batzuk betetzen. Bertako eta nazioarteko talentua uztartzeko ahalegina egiten dugu, eta parekidetasuna ere kontuan izaten da izenak erabakitzean".

Erakusketa antolatzen hasten direnean, elkarteko kideek gustukoen dituzten argazkilariengana jotzen dute. Ezezkoak ere jaso izan dituzte, parte hartzeko gonbidapenak egin ondoren. "Ez dugu diru asko eskaintzeko aukerarik izaten, eta tamalez, ez dugu beti lortzen nahi dugun artista guztiak erakartzea. Etortzen direnek, dirua baino gehiago, balioan jartzen dute Zarauzko Mostran parte hartzeak ematen dien prestigioa. Izan ere, urtez urte, izena hartzen joan den erakusketa da gurea", mintzatu da Agirretxe.

Aniztasuna erakusketan
Aurtengo edizioan, estilo desberdinak jorratzen dituzten argazkilariak hautatzearen aldeko apustua egin du Argazkizale Elkarteak.Cuauhtémod Camposen portfoliotik, erretratu koloretsuak jarri dituzte ikusgai Zarautzen. Ameriketako Estatu Batuetan bizi den artistak hamabost urteko ibilbidea du argazkigintzan, eta bere estiloa definitzen du "dramatikoa eta modernoa" bezala.

Mario Cearen argazkien kasuan, naturak du presentzia handiena. Azpimarratzen duenez, saiakera berezia egiten du sorkuntza prozesua argazki kamerara mugatzeko, eta edizio sistema informatikorik ez erabiltzeko.

Unzueta da hirugarren argazkilaria. Hasieran, bidaiatzearekin lotzen zuen argazkilaritza, baina gero, «terapia modura», etxe inguruko basoei argazkiak egiten ere hasi zen "egun euritsu eta lainotsuetan". Mostran jarri dituen argazkietan ikus daitekeenez, malenkoniaz gain, "kostaldeko ilunabarretako argi beroa" ere deskubritu du artistak.

Ramon Serras, "argazki perfektuaren bila"
Urtarrilean hil zen Ramon Serras, Zarautzek eman duen argazkilari ezagunena. Zarauzko Argazkizale Elkartearen sortzaileetako bat izan zen, lehen presidentea ere bai, eta aurrerago, Photomuseum-en bultzatzaileetako bat. Agirretxek azaldu duenez, herriko argazkigintzari "bultzada handia" eman zion Serrasek, eta «bere pasioa besteei transmititzen» saiatu zen.
 
Argazkilari modura, "argazki perfektuaren bila" aritzen zela azpimarratu du, eta bide horretan, teknika eta gai desberdinak jorratu zituen. "Bere gai nagusietako bat gure herria izan zen: Zarautz", egin dio azpimarra elkarteko presidenteak. 

Bere heriotzaren lehen urteurrenerako hilabete gutxiren faltan, Serrasi tokia egin diote Mostran, eta bere artxiboko argazkiak ikusgai jarri dituzte Sanz Enean, bisitarien gozamenerako.