Ozen entzun da Mitxelenako bizilagunen eskaria

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 20a, 15:00

Trenbide bikoitza stop lelopean, ehunka lagunek manifestazioa egin dute Mitxelena kaletik udaletxe pareraino. Etxe alboan bigarren trenbidea eraikitzeko lanak geldiarazi nahi dituzte, eta horretarako, besteak beste, sinadurak biltzeari ekin diote.

Haserre eta minduta daude Mitxelenako bizilagunak, eta ez dira ixilik geldituko. Gaur eguerdian argi erakutsi dute hori, Trenbide bikoitza stop lelo hartuta egin duten mobilizazioan. Ehunka izan dira pankartaren atzean bildu diren herritarrak, Mitxelenako bizilagunak zein haiei babesa ematera joan diren zarauztarrak. Udaletxe pareraino manifestazioan joan ostean, egonaldia egin dute han, eta etxe ondoan bigarren trenbidea eraikitzeko lanak gelditzeko eta trenbidea lurperatzeko eskatu dute behin eta berriz. Sinadurak biltzen ere jardun dira, lanak geldiarazteko eskaerak indar handiagoa izan dezan.

Itziar Aldabaldetrekuk hitz egin du hedabideekin Mitxelenako bizilagunen izenean, eta esan du oso minduta daudela, inork ez dituelako ohartarazi auzoan egitera zihoazenaz. "Lanak hasi zituztenean uste genuen hobekuntza batzuk egiteko asmoa zutela, eta gerora konturatu gara lehengo trenbidearen eta etxebizitzen artean bigarren trenbide bat eraikitzen ari direla".

Udalera azalpen eske joan direnean, proiektuaren ardura Euskal Trenbide Sareakena dela esan diete, eta azken horrek, berriz, Amenabar eta Moyua eraikuntza enpresak direla lanak gauzatzen ari direnak, eta beraz, horien inguruko informazioa eman dezaketenak. "Haiek esan diguten bakarra da abenduaren bukaerarako edo urtarrilaren hasierarako bi trenbideak prest izango direla". Horrek oso kezkatuta dauzka auzotarrak, lehendik ere ondo baitakite zer den etxe ondoan trenak joan-etorrian ibiltzea. "Bigarren trenbidea eraikitzen dutenean, etxeko sukalderaino sartuko dizkigute Pasaia eta Durango artean tamaina handiko bobinak garraiatuko dituzten konboiak".

Xabier Txurruka alkateari ere helarazi dizkiote beren kexak eta haserrea. "Esan digu Eusko Trenbide Sareakekin harremanetan jarri dela eta heiek kontua aztertzen ari direla, baina ezin digula ezer agindu, eta ahalik eta azkarren erantzungo digula". Bien bitartean, borrokan jarraituko dute lanak geldiaraztea eta etxe atarian eraiki nahi dieten trenbidearen proiektua zuzentzea lortzen duten arte.