Erraldoien eta buruhandien kalejirak zeharkatu ditu gaur Zarauzko kaleak

Juan Luis Romatet 2021ko aza. 21a, 13:47

Erraldoiak eta buruhandiak kalez kale ibili dira gaur goizean, Zarautzen. Musika lagun zutela, batzuk haurrak zirikatzen ibili dira, besteak dantzan. 

Ilusioa nabari zen Lege Zaharren Plaza hurreratu diren herritarren eta bisitarien begiradetan. Erraldoiak badute zerbait helduak umeak zireneko garai hartara eramaten dituena; umeentzako, berriz, harridura sortzen duten irudi horiek dira. 

Haurren Eskubideen Egunaren harira egin dute gaurko kalejira. Hamabiak puntuan atera da talde udaletxe aurretik. Buruhandiak aurretik ziren, korrika, haurrak zirikatzen. Atzetik, erraldoiak, gira eta buelta, musikarekin dantzan. Eta guztien ondoren, herritarren multzo handi bat, pozik, erraldoiak eta buruhandiak berriro kalean ikusi dituztelako.