Jokin Eizmendi, harri handietan Gipuzkoako txapeldun

Aitziber Arzallus 2021ko aza. 21a, 19:02

Jokin Eizmendi, atzo, txapela soinean zuela. (Ataria)

Atzo jokatu zuten Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa, Zizurkilen. Lau harri jasotzaile aritu ziren buruz buru, laurak eskualdekoak: Jokin Eizmendi eta Iñigo Eizagirre zarauztarrak, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra eta Aimar Galarraga oriotarra. Guztira 5.725 kilo jasota, Eizmendirentzat izan zen txapela. Euskal Herrikoa hirutan jantzia den arren, Gipuzkoakoa janzten duen lehen aldia da. 

Atzo arratsaldean Harri Handien Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Zizurkilgo Intxaur frontoian, eta lehendabiziko aldiz, Jokin Eizmendi zarauztarrak jantzi zuen txapela. Euskal Herriko txapelketa hirutan irabazitakoa da, baina Gipuzkoakorik irabazi gabea zen atzora arte.

Zizurkilgo jaialdian, lau kirolari aritu ziren nor baino nor: Eizmendi eta Iñigo Eizagirre zarauztarrak, Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra eta Aimar Galarraga oriotarra. Eta hutsune nabarmen bat: Aimar Irigoienena. Belaunean min hartuta dago errezildarra, eta azken unera arte zalantza izan zen arren, azkenean ez parte hartzea erabaki zuen. Irigoienen faltan, Eizmendi bihurtu zen faborito nagusi, eta ez zuen hutsik egin.

Lau eratako harriak altxatu behar izan zituzten kirolariek, bi minutuko txandetan: 200 kiloko laukizuzena, 175 kiloko zilindrikoa, 150 kiloko kubikoa eta 125 kiloko bola. Denera 5.725 kilo jasota, Eizmendirentzat izan zen garaipena, alde handiz gainera. Bigarren posturako lehia estuagoa izan zen, Eizagirre eta Goenatxo III.a oso parean ibili baitziren. Azkenean, ordean, zarauztarrak bukatu zuen bigarren lekuan, 4.225 kilo jasota; eta azkoitiarrak hirugarrenean, 4.150 kilo jasota. Galarragak laugarren egin zuen, guztira 3.725 kilo jasota.    

Egindako lanarekin gustura zen Eizmendi jaialdiaren bukaeran. “Pixka bat urduri jarri naiz, baina etxean egindako lana egin dugu, eta gustura nago horregatik. Pena izan da Irigoienek ezin izan duela azaldu, baina txapelketa polita izan da”.

Harri Handien Gipuzkoako txapelketa bukatuta, Euskal Herrikoa prestatzeari ekin beharko diote harri jasotzaileek, abenduaren 18an jokatuko baitute, Asteasun.