Lan txukuna egin dute Espainiako txapelketan Joel Antolinek eta Harkaitz Gascok

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 23a, 10:16

Espainiako 15 urtez azpiko txapelketan parte hartu dute asteburuan ZKE Halterofiliako kirolariek. Abenduaren hasieran Frankfurten (Alemania) daukate txapelketa.

ZKE Halterofiliako bi kirolarik parte hartu zuten aurreko larunbatean Espainiako 15 urtez azpiko txapelketan, Euskadiko selekzioarekin. Hain zuzen ere, Harkaitz Gasco 55 kiloko kategorian lehiatu zen, eta Joel Antolin 67 kilokoan.
 
54 kilo altxatu zituen Gascok abiadan, eta bosgarren postua lortu zuen mugimendu horretan. Kargatze-altxatzean 68 kilo altxatu zituen eta mugimendu horretan hirugarren geratu zen, baita orokorrean ere, horrenbestez, brontzezko bi dominarekin itzuli zen etxera. Bi mugimenduetan markak hautsi zituen Gascok.
Antolinek, berriz, 55 kilo altxatu zituen abiadan, eta seigarren postua eskuratu zuen mugimendu horretan. Kargatze-altxatzean ere seigarren postuan geratu zen, 69 kilo altxatuta. Antolinek ere bere markak hautsi zituen bi saioetan. 
 
ZKE Halterofiliako bi kideek lan bikaina egin zuten beren lehenengo Espainiako txapelketan, Danel Lopez eta Imanol Zulaikaren gidaritzapean. Behin txapelketa hau igarota, 2022ko denboraldiari begira jarri dira, eta prestakuntzan murgilduta dabiltza 17 urtez azpiko eta 15 urtez azpiko taldeak.
 

Alemanian txapelketa

 
Gascok eta Antolinek hitzordu garrantzitsua daukate urtea amaitu baino lehenago, Euskal selekzioarekin. Alemaniako Internationaler Oderpokal 2021 txapelketan parte hartuko dute, Frankfut hirian, abenduaren 2tik 5era bitartean. Euskal selekzioarekin lehian izango dira bertan Alemania, Polonia, Danimarka eta Errusiako selekzioak.