Haur eta nerabeen heziketan laguntzeko gurasoentzako hitzaldi eta tailerrak eskainiko dituzte

Amaia Urbieta Arruti 2021ko aza. 24a, 11:00

Bi hitzaldi eta tailer bat antolatu dituzte Zarauzko ikastetxeetan, aldundiaren TREBA Gurasoak programaren barruan. Lehena hurrengo asteartean izango da.

Haur eta nerabeen gurasoei beren  funtzioa era egokian garatzeko laguntza eskaintzeko asmoz, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak "gurasotasun positiboan oinarritutako eskaintza pedagogikoa" osatu du. TREBA Gurasoak programaren bitartez, hainbat hitzaldi eta tailer antolatu dituzte Gipuzkoako udalerrietan; horien artean, baita Zarautzen ere.

Udalak lanketa ikastetxeekin elkarlanean egitea erabaki du, eta Irune Urbieta Hezkuntza zinegotziak ikastetxeek erakutsi duten jarrera baikorra eskertu du, "lehen momentutik gogotsu eta esker onez" agertu baitira. "Honelako ekimenekin Zarauzko ikastetxeek udalaren gertutasuna
eta laguntza sentitzea nahi dugu", adierazi du zinegotziak.

Bi hitzaldi eta tailer bat dituzte Zarautzen, ikastetxeetan. Herriko guraso guztiei irekita egongo dira saioak. Honako hauek izango dira hiru egitasmoak:

  • Emozioen garrantzia familian. Nola zaindu seme-alaben emozioak hitzaldia, Orokieta Herri Eskolan. Azaroaren 30ean, 18:30ean.
  • Komunikazio ez bortitza hitzaldia. Urtarrilean izango da, eta ez dituzte data eta leku zehatzak jakinarazi oraindik.
  • Bullyng egoerak minimizatzeko ingurune seguruak nola sortu. Bi saioko tailerara 2022ko martxoan. Leku eta data zehatzak ez dituzte jakinarazi oraindik.