Salberdingo R-9 partzela salduko dio udalak Visesari, alokairurako etxebizitzak egiteko

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 27a, 09:00
Osteguneko udalbatzarra. (Aritz Mutiozabal)

Osteguneko udalbatzarrean erabaki zen, EAJ, PSE-EE eta EH Bilduren baiezkoarekin, 1,9 milioi euroan (BEZ kanpo) saltzea babestutako etxebizitzak sustatzen dituen sozietate publikoari. Guztira, 86 etxebizitza izatea aurreikusten da.

Salberdingo R-9 partzela Visesari saltzea onartu zuten atzoko udalbatzarrean, Udal Gobernua osatzen duten EAJ eta PSE-EE taldeen eta EH Bilduren aldeko botoekin; Podemos-Equo-Berdeak taldea abstenitu egin zen. Hala, Zarauzko Udalak Salberdinen duen azken partzela 1,9 milioi euroan (BEZ kanpo) salduko dio sozietate publikoari, eta, era berean, honek konpromisoa hartuko du bertan egingo diren etxebizitza babestuak alokairurako izango direla modu iraunkorrean.

2020 martxoaren 27an, udalak hala eskatuta, ekonomista batek ia 3,5 milioi euroan tasatu zuen partzela osoa, babes ofizialeko etxebizitzen salmentarako bailitzan. Visesaren eskaintza berezko balioaren azpitik dago, baina etxebizitza babestuak sustatzeaz arduratzen den Jaurlaritzaren erakundea denez, tasazio prezioaz azpitik saltzea "legezkoa" dela azaldu zuen Xabier Txurruka alkateak.

"Udalak badu interesa alokairuko babes publikoko etxebizitzen sustapenak bultzatzeko, eta horretara goaz. Nolabait esatearren, udalak sustapen honen finantzaketan parte hartuko du partzela merkeago salduta Visesari. Beraz, 1,5 milioi euro bideratzen ditu operazio honetara", azpimarratu zuen alkateak. Guztira, 86 etxebizitza izango dira, baina 92ra ere iritsi daitezkeela jakinarazi zuten bilkuran.

"Proposamen ona"

Podemos-Equo-Berdeak taldeko Oihane Delgadok azaldu zuen abstenitu egingo zirela "oraingoan", baina etorkizunean "alde egon" daitezkeela horrelako proposamenekin. PSE-EEko bozeramaile Gloria Vazquezek nabarmendu zuen "oso proposamen ona" dela: "Hau guztia posible izan da Zarauzko Udalaren eta, batez ere, Jaurlaritzaren prestutasunagatik". Alde horretatik, Inaki Arriola eta Pablo Garcia Astrainen lana eskertu zituen: "Hau promotore pribatu batek ezin du egin, baizik eta erakunde publiko batek".

EH Bildu salerosketaren eta egin nahi den sustapenaren alde agertu zen. Itziar Murua bozeramaileak gogora ekarri zuenez, koalizioak Udal Gobernuarekin 2019ko aurrekontuak adostu zituenean, hitzartu zuen puntuetako bat zen R-9 partzelakoa. "Alokairurako helburua duten etxebizitzak egitearen alde gaude, eta herrian dagoen arazoa konpontzeko ezinbestekoa iruditzen zaigu alokairura bideratutako etxebizitzen parkea handitzea", arrazoitu zuen Muruak