Xakea ardatz duen liburua argitaratu du Gari Berasaluzek

Aritz Mutiozabal 2021ko aza. 29a, 16:30

UEUren babesean, 64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan izeneko lana plazaratu berri du Gari Berasaluzek. Guztira, 64 istorio harilkatu ditu bertan.

64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan liburua argitaratu berri du Gari Berasaluzek UEUrekin, eta bertan, xakea ardatz duten 64 istorio harilkatu ditu, dokumentazio-lan mardul bat egin ondoren.  The Queen’s Gambit telesaila ikusita, xakearekiko sukarrak zeharo harrapatu zuela aitortu du egileak, eta horrela sortu zela xakeari buruzko atalak idazteko asmoa. "Baina berehala ohartu nintzen munduaren historia biltzen zuela bere horretan xakeak, eta xakea abiapuntua eta aitzakia besterik ez zela liburu honetan beste hainbat konturi buruz hitz egiteko”, zehaztu du.

Xakeari baino gehiago munduari begiratzen dion liburua dela nabarmendu du Berasaluzek. Izan ere, xake-taularen zuri-beltzetan barrena "munduaren historia" ikusten dela iritzi dio: ezagutza gorteetatik hiri handietara eta ondoren langileen artera heldu izana; azken mendeetan emakumeek jasandako bazterkeria, ikusezintasuna eta zapalkuntza; Mendebaldearen eta Ekialdearen arteko borroka edota sobietarren eta amerikarren arteko Gerra Hotza; xakeak kazetaritzan, zineman eta literaturan utzitako arrastoa; Nafarroako Erresumaren garaietatik hasita xakeak Euskal Herrian izan duen bilakaera; xakea eskoletara iristeak heziketan izan duen eragina; eta abar luzea. 

Xakearekin lotutako istorio ugari bildu ditu zarauztarrak liburuan, eta bere esanetan, bakoitzaren gustuen arabera atal bat edo bestea gustatuko zaio gehiago irakurleari. Nolanahi ere, ez du inor hotz utziko. Nagore Rementeria Elhuyarrek ekoizten duen Teknopolis saioko zuzendariak idatzi du hitzaurrea, eta bere esanetan liburu hau jakin-minak akuilatutako lana da.