Ikusmina eragin du 'Aita Mari' dokumentalaren aurrestreinaldiak

Onintza Lete Arrieta 2021ko abe. 4a, 10:00

Erakunde publikoetako ordezkariez gain, SMH Salvamento Maritimo Humanitario elkarteko hainbat kide eta kultur arloko aurpegi ezagunak elkartu ziren atzo iluntzean Modelo zinema aretoan; besteak beste, Fito, Gorka Urbizu eta Agus Barandiaran musikariak.

Aita Mari dokumentala ostegun iluntzean aurrestreinatu zuten Modelo zinema aretoan, eta ikusmin handia sortu zuen. Jende ilara luzea sortu zen aretoaren kanpoaldean, eta erakundeetako ordezkariak, SMH Salvamento Maritimo Humanitario elkarteko kideak eta kultur arloko hainbat aurpegi ezagun bertaratu zen lana ikustera.

SMHk Zarautzen du egoitza, eta Aita Mari erreskate ontziaren ibilbidea ere bertan hasi zen. Horregatik aukeratu zuten bertako zinema aretoa dokumentala aurkezteko.

Zinema aretoko argiak itzali eta pantaila piztu aurretik, aurkezpen labur bat egiteko oholtza gainera igo ziren Javi Julio dokumentalaren zuzendaria, Santi Donaire ekoizlea, Izaskun Arriaran eta Iñigo Mijangos SMHko lehendakaria eta lehendakari ohia, Iratxe Zorrozua Zarauzko Immigrazio zinegotzia eta Andoni Ibarguren SMHko kidea eta ekitaldiaren aurkezlea. 

Arriaran izan zen hitza hartzen azkena, eta ondorengo ideia azpimarratu zuen: "Joxe Mari Zubia [Aita Mari] harro egongo zatekeen hemen balego", esan zuen. 

Dokumentalaren ondotik jendaurreko solasaldia egin zuten Arriaranek eta dokumentalaren egileek.

Ezagun ugari photocall-ean

19:00etan zen hastekoa emanaldia, eta aurrez, jende ugari pasa zen photocall-etik. Alde batetik, udaleko, aldundiko eta Jaurlaritzako ordezkariak bertaratu ziren. Zarauzko Udaletik, Irune Urbieta Kultura zinegotzia, EH Bilduko Ainara Landa eta Ion Arozena zinegotziak, eta Patxi Elola PSE-EEko zinegotzia izan ziren; Jaurlaritzatik, Xabier Legarreta Immigrazio eta Asilo zuzendaria; eta, aldunditik, Ion Gambra Giza Eskubideetako eta Kultura Demokratikoko zuzendaria.

SMHko kide asko ere izan ziren aurrestreinaldian, eta zinema aretoaren kanpoaldean karpa ere jarri zuten, elkartearen materiala saltzeko.

Azkenik, kultur arloko jende ezaguna ere etorri zen Zarautzera, Javi Julioren lana babestera; besteak beste, Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Fito eta Agus Barandiaran (Korrontzi). Hain zuzen, azken horrek jakinarazi zuen Korrontzi musika taldeak argitaratu berri duela Aita Mari, bidaia musikala urrutiko uretara disko-liburua, SMH elkarteari laguntzeko.