Herri izaera indargune bihurtuta

Unai Zubeldia/Gipuzkoako Hitza 2022ko urt. 11a, 15:19
Atzean Berazadi, eta aurrean Ostolaza (Gorka Rubio/Foku)

Etxeko jokalarien aldeko apustua eginda, Amenabar Zarautzen gizonezkoen senior mailako taldea oso sendo ari da Espainiako Ohorezko B Mailan. Fausto Berazadi eta Paulo Ostolaza dira taldeko bi atezainak; 41 urte dauzka Berazadik, 24 Ostolazak.

"Etxekoekin bakarrik". Hori izan da Amenabar Zarautz eskubaloi klubeko zuzendaritza berriaren apustua. Gizonezkoen senior mailako taldea Espainiako Ohorezko B Mailan ari da lehian 2011-2012 denboraldian igo zenetik. "Eta, 2012-2013an salbu —Asobal ligara igotzeko kanporaketak jokatu zituzten sasoi horretan—, azken unera arte mailari eusteko borrokan ibili ginen gainontzeko denboraldi guztietan".

Paulo Ostolaza Amenabar Zarauzko atezainetako batek azpimarratu duenez —2015ean egin zuen debuta lehen taldearekin; 24 urte dauzka—, taldeak ezaugarri bat zeukan azken bizpahiru denboraldietan bereziki: "Zarauztik kanpoko jokalari asko; taldearen erdia izatera iritsi ziren duela pare bat urte". Eraldaketa betean, joan den denboraldi amaieran jokalari askok utzi zuten taldea. "Zarauztarrek eta kanpokoek". Eta zuzendaritza berriak kargua hartzearekin batera iritsi zen etxekoen aldeko behin betiko apustua. "Proiektu hau etxekoek aterako duzue aurrera’, esan ziguten".

Erabaki horrek, hasieran, "errespetu pixka bat" sortu zuen taldean. Hala onartu du Ostolazak. "Baina batari eta besteari deika hasi ginen berehala". Fausto Berazadiri ere horrela iritsi zitzaion aukera —41 urte dauzka—, eta baita bigarren taldeko beste bizpahiru jokalariri eta gazte mailako beste lauzpabosti ere. Atezain gisa Zarautzen lehen taldean 1999an debuta eginda, 2012an eman zuen pauso bat alde batera Berazadik. "Eta aurten hasi naiz berriz". Atezain beteranoak gogoan dauka 1999-2000 sasoian eta 2002tik 2005era Espainiako Ohorezko B Mailan aritu zela Zarautz. "Krisiaren aurreko urteak ziren, diru gehiago zegoen taldeetan, eta atzerritar asko zeuden".

Irakurri erreportaje osoa Gipuzkoako Hitzan.