'AITA MARI' DOKUMENTALA

Javi Julio: "‘Canarias’ barku frankistak ere erreskatatu egin zituen etsaiak"

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 8a, 11:00
Javi Julio, Modelo aretoko eserlekuetan (Onintza Lete Arrieta)

Aita Mari dokumentalaren egileak Zarauzko aurrestreinaldian HITZAri kontatu zion zer erakutsi nahi izan duen dokumentalarekin. "Guk ez dugu galdu gizatasunik, politikariek galdu dute. Gustatzen zait ikustea gizarte zibileko pertsonek pauso bat aurrera eman eta esan dutela honek ezin duela honela jarraitu".

Zer kontatu nahi izan duzu 'Aita Mari' dokumentalean?
Maria Arnal abeslariak abesti batean dio la gent no s’adona del poder que te, hau da, jendea ez da ohartzen zenbateko boterea duen. Eta, nire ustez, hori da dokumentalak kontatzen duena. Aita Mari erreskate ontzia pertsona askoren ahaleginari esker osatu zen. Beren bizitza eta lan xumeekin, erabaki zuten zerbait egitea inguruko errealitatea aldatzeko. Nire ustez, auzolana herri honetan harro egoteko zerbait da; hemen lana nola egiten den erakusten du. Dokumentala ez da erakusteko zuriek nola laguntzen dieten beltzei. Dokumentala da erakusteko gizarte zibila dela estatuek egin beharko luketen lana egiten ari dena.

Boluntarioenez gain, ahots gehiago ere badude dokumentalean, ezta?
ISH Itsas Salbamendu Humanitarioko boluntarioak daude, erreskatatutako pertsonei ere eman diegu hitza, eta horrez gain, Europako Batasuneko immigrazio politikei buruz Karlos Zurutuza kazetari donostiarrarekin aritu gara, baita Malin Bjork europarlamentari suediarrarekin ere. Azkenik, erreskateetan aritzen diren boluntarioetako batzuek badute ezagutza teknikoa, suhiltzaileek esaterako, eta horiek ere ageri dira.

Hilabete asko pasatu dira aurreneko irudiak hartu zenituenetik. Zein izan da bidea?
2016an ISHkoekin lanean aritu nintzen, eta 2017 amaieran itsasoko misio batean parte hartu nuen, beste bi erakunderekin zeukaten erreskate barku batean. Bueltakoan, ISH ohartu zen barku propioa behar zuela, eta 2018ko martxoan esan zidaten hegaluzetarako barku bat aurkitu nahian ari zirela. Bitxia da, baina mundu osoan bila aritu ondoren, egoitza Zarautzen duen elkarteak ondoko herrian aurkitu zuen behar zuena: Getarian. Barkua prestatu eta ureratutakoan, laburmetraia egitea zen nire hasierako asmoa.

Espainiako Estatuak Aita Mariri jarritako oztopoek aldatu egin zituzten hasierako asmo horiek, ezta?
Bai, Estatuaren blokeoak aukera eman zidan azaltzeko zein diren Europako Batasuneko immigrazio politikak, eta zer ondorio dituzten, badituelako ondorioak pertsonen bizitzetan. Hori da dokumentalaren abiapuntua. Espainiako Gobernuak burokrazia erabili zuen Aita Mariontziaren lana atzeratzeko. Esaten zuten ez zeukala baimenik inor erreskatatzeko, baina itsasoan dabiltzan barku askok ere ez dute; eta hala ere, erreskateak egiten dituzte norbait arriskuan aurkituz gero, hori betebeharra delako. 36ko gerran ere, Canarias barku frankistak abertzale eta errepublikarren Nabarra eta beste bou batzuk hondoratu zituenean, erreskatatu egin zituen barku haietakoak; faxistak ziren arren eta gero etsaiak fusilatzeko asmoa zuten arren, ez zituzten itsasoan utzi.

Hortaz, gizatasuna galdu al da?
Guk ez, politikariek galdu dute. Gustatzen zait ikustea gizarte zibileko pertsonek pauso bat aurrera eman eta esan dutela honek ezin duela honela jarraitu.

Gizartearen zati txikia ez al da hori?
Oso erraza da gizartearen alde iluna azpimarratzea, baina badago argia ere, eta hori nabarmentzea erabaki dut. Zinikoaren jarrera oso erosoa da: ezer ez denez aldatuko... Jarrera hori izan dezakezu, baina zure jarrera da. Nik nahiago dut beste aldearekin gelditu. Dokumentala muntatzen ari ginenean, askotan errepikatzen genion geure buruari nire amak ulertzeko modukoa izan behar zuela. Ezin izan zuen ikasketarik egin, baina familia aurrera atera zuen. Eta nahiko nuke hura gai izatea begirada kritikoarekin bere ondorioak ateratzeko, eta esateko: beraz, horrenbeste ikasi duten legelari horiek esan dutena ez da horrela, asmatu egin dute.