Gari Berasaluze: "Munduaren historia islatu daiteke xake taula batean"

Juan Luis Romatet 2022ko urt. 7a, 10:30
Gari Berasaluze '64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan' liburuarekin. (Juan Luis Romatet)

Xakea hizpide duen 64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan liburua argitaratu berri du Gari Berasaluzek (Getaria, 1975). Joko horretaz bakarrik ez, hainbat gairi buruz­ hitz egin du liburuan.

Nola sortu zitzaizun 64 begirada xake-taularen zuri-beltzetan liburua idazteko ideia?
Argi eta garbi esanda, telesail bat ikusita: The Queen’s Gambit. Pasa den udazkenean estreinatu zen, eta asko gustatu zitzaidan. Telesail horretan neska baten ibilbidea kontatzen da xakearen munduan; peoia izatetik, dama zuria edo erregina bihurtzera arte. Bi hausnarketa egin nituen: batetik, zergatik ez nuen xakea ezagutzen; eta bestetik, xakean ere emakumeak baldin bazeuden, zergatik ez nituen ezagutzen. Xakeaz irakurtzeko gogoa sartu zitzaidan, xakea ezagutzekoa, baina baita xakean dauden emakumeak ezagutzekoa ere.  

Telesaila 1970eko hamarkadan girotuta dago. 
Bai, eta hori 2021eko Euskal Herrira ekarri nahi nuen. 2021eko Euskal Herrian nahitaez ikuspegiak feminista izan behar du. Euskal ikuspegiak ere izan behar zuen tokia. Telesaileko jantzietan Cristobal Balentziagak garrantzia handia izan zuen, eta horri atal bat eskaintzen diot. Beste atal bat dago Zarauzko xake festaren ingurukoa: xake eskolen arteko festa garrantzitsuena Zarautzen egiten da, eta Imanol Urbieta zenak bere azken abestia xake festaren inguruan idatzi zuen. Halako erreferentziak ere jasotzen ditut. Xake zalea ez den batek gustura irakurriko lukeen liburu bat egin nahi nuen.

Liburua idatzi aurretik bloga sortu zenuen.
Atalak idazten joan ahala blogera igo nituen. Liburu fisikoak ematen ez duen aukera eskaintzen du blogak: Imanol Urbietak xakeari buruzko abesti bat idatzi badu, blogean entzun dezakezu; partida batzuei buruz hitz egiten baduzu, partida hori ikusteko aukera duzu... Liburuaren amaieran blogeko lotura jarri dut, eta han liburuan aipatzen diren irudiak, bideoak, abestiak ikus daitezke. Eduki horrek osatzen du liburua. 

64 koadro ditu xake taula batek, eta zuk 64 atalez osatu duzu liburua. Erraza izan al da kopuru horretara heltzea? 
Hasieran neure buruari galdetu nion ea 64 atal horietara heltzeko materialik izango nuen. Behin hasita, 640ra heltzeko adina material dagoela ikusi nuen. Xake partida baten gisan, aldaera batekin hasten zara, baina nondik jarraitzen duzun beste kontu bat da. Zer ikuspegitik hartzen duzun da garrantzitsua. Ez zait ezer kostatu 64 atal horiek egitea; kontrakoa, galbahe lan bat egin behar izan dut. Gauza pila bat geratu da liburutik kanpo, egin zitekeena eta oraindik ere egin daitekeena.  

Xakea joko hutsa baino gehiago ere izan da historian zehar...
Mendebaldean xakera jokatzeko hiru mugarri egon direla esaten da. 1972ko Fischer-Spassky lehia –pare bat atal daude liburuan horren inguruan–; hor geopolitika kontuak zeuden mahai gainean, errusiarrak estatubatuarren aurka. 1980eko hamarkadan Karpoven eta Kasparoven arteko lehia egon zen, eta hor joko politikoa ere bazegoen: Kasparov irekieraren aldekoa zen, Karpov, aldiz, Alderdi Komunistako kidea. Hirugarren mugarria The Queen’s Gambit telesaila izan da: iaz xake taulak agortu egin ziren, milioika lagunek ikusi zuten eta xakearen inguruko sukarra berpiztu zuen. Inork espero ez zuena lortu zuen. Kirol munduan, hedabideetan, xakea bazterrean dagoen joko bat da. Beste arlo batzuetan bazterrean dagoen horri garrantzia ematen diogu, baina kirolean ez da hala gertatzen. Hori ere aztertu behar da: zergatik egiten zaigu hain arrotza xakea?  

Liburua idazteko ikerketa lana egin beharko zenuen. 
Batez ere sarean aritu naiz. 64 atal egin behar nituen, eta nire buruari erronka jarri nion astean bizpahiru atal egitekoa. Horretarako, egundoko esponja lana egin behar nuen: irakurri, irentsi... Esponja lan hori hain handia zenez, ezin nuen erritmoa hartu, eta bost-sei hilabetez ibili nintzen horrela. Gainera, irentsitako hori guztia modu ulergarrian kontatu behar da, edozeinek ulertzeko moduan. Hori ariketa handia izan da, oso nekagarria. Baina bidean lagun asko ezagutu ditut, eta asko ikasi dut. Ez da bakarkako lana izan; hasieratik joan naiz gauzak partekatzen, eta haien ekarpenekin osatu dut.  

Agian ez da ikusiko, baina Euskal Herrian jende asko dabil xakearen inguruan.
Horri buruzko atal bat ere badu liburuak: Euskal Herrian, zazpi lurraldeetan, ehundik gora xake klub daude. Eskoletan ere lantzen dute, eta Nafarroan, adibidez, hautazko ikasgaia da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez da hautazkoa, baina eskola batzuk ari dira beren kabuz curriculumean sartzen. Ikusten dute heziketan hainbat balore sustatzen dituela, eta haurrentzako ere egokia dela. 

Netflixen telesail horrek lortu du emakumeak xakean jokatzera animatzea. 
Azken urteotan egon den iraultza handiena, iraultza feminista, telesail honek islatu du. Bi liburu izan dira niretzako mugarriak: Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik eta Marina Sagastizabalen Hiruki gatazkatsua. Uxuek dioena da emakumeen lekua lapurtu dutela gizonezkoek; Marinak dio, berriz, kapitalismoak lan erreproduktibora bideratu dituela emakumeak. Bi liburu horiek hartu eta xakera eraman ditut, nolabait. VII. mendetik agertzen dira emakumeak xakean jokatzen. Erdi Aroko margoetan emakumeak xake taulen inguruan agertzen dira. XVII. eta XVIII. mendeetan, gizonezkoen pribilegioak handitzen direnean, emakumeak desagertzen doaz. XIX. mendearen amaieran, aldiz, industrializazioaren garaian, ezagutza gorteetatik hirietara pasatzen denean eta mugimendu feministak agertzen direnean, xake elkarteak sortzen dira eta hor hasten dira emakumeak berriro xakean bistaratzen. Horregatik diot xake taula batean munduaren historia islatzen dela.

Ezustekorik jaso al duzu?
Asko. Emakume maisu handiak aurkitzea espero nuen, Karpoven eta Kasparoven ibilbideak... Baina ez nuena espero da 1897an Bilbon argitaratu zen euskarazko aldizkari batean xakeari buruzko orriak jasotzea. Edo xakeari buruzko euskarazko lehen liburua presoek idatzi zutela Soriako espetxean; garai hartan Egin egunkariak xakearen inguruko atal bat zuelako. Bidean sekulako harribitxiak aurkitu ditut. 

Liburua idazteak eman al dizu gogoa berriro xakean jokatzeko?
Ni oso txarra naiz xakean! Afizionatu mailakoa naiz, eta etxean, lagunekin edo tabernan jokatuko dut. Behin telesaila ikusita berreskuratu dut xakean jokatzeko gogoa, eta akaso, aitarekin azken urtebetean aurreko 30 urteetan baino gehiago jokatu dut xakean. Horrez gain, bikotekidearekin xakean aritzen naiz orain etxean. Halako gauza politak eman dizkit.