Joseba Iruretagoienaren eta Josu Arrutiren proiektuak Urkome sarietako bat jaso du

Maialen Etxaniz 2021ko abe. 11a, 14:00
Joseba Iruretagoiena eta Josu Arruti sariarekin (Maialen Etxaniz)

Shitake onddoa, basotik proiektuari esker 1.000 euroko laguntza jaso du bikoteak.

Atzo banatu zituzten 2021eko Urkome Sariak Azpeitiko Azoka Plazako areto nagusian egindako ekitaldian. Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritu eta landa eremuko proiektuak ezagutarazten dituzte Urkome Sarien bitartez, eta aurten –zazpigarren edizioa da aurtengoa– hamar egitasmo aurkeztu dira sariketara. Horietatik bost jaso dute diru-saria, eta irabazle bakoitzak 1.000 euroko laguntza eskuratu du; seigarren sari bat ere banatu dute, Sari Irekia izenekoa. 

Urtero gisan, atalez atal banatu zituzten sariak, eta Iraurgi Berritzen eta Urola Kostako Udal Elkarteak ematen duten saria Joseba Iruretagoienak eta Josu Arruti zarauztarrek jaso dute, Shitake onddoa, basotik proiektuarengatik.

Bikoteak adierazi zuenez, beraien asmoa da Shitake onddoa produzitzeko behar den materia organikoa baso garbiketetatik ateratako egurra aprobetxatuz lortzea, beste bizitza bat emanez, KM-0 filosofiarekin bat eginez eta Pagoetako inguruak garbituz. “Pagoetako parke naturalean egiten diren egur noblez –haritz, ametz, pago, gaiztain, haltza…– osaturiko baso publiko edo pribatu ezberdinen garbiketetatik lortzea da gure xedea”, zehaztu dute.

Albiste osoa irakurtzeko klikatu gainean