Oihana Aranak irabazi du XIV. Kopla Txapelketako zintzarria

Aitziber Arzallus 2021ko abe. 18a, 14:36

Ikusleak eserita, maskarak soinean, eta barra itxita egon arren, primerako ostiral iluntzea igaro zuten Putzuzulon bildutako herritarrek. Saioaren lehen zati bikaina eginda, bi emakume iritsi ziren buruz burukora: Maialen Lujanbio, azken bi kopla txapelketetako irabazlea, eta Oihana Arana, 20 urte besterik ez dituen eskoriatzarra. Biek ala biek saioa dotore borobildu zuten arren, zintzarria bakarrak eramaten du etxera, eta aurtengoan, Aranarentzat izan da.    

Pandemiak urtebetez etendako ohitura berreskuratu, eta XIV. Kopla Txapelketa egin zuten atzo iluntzean Putzuzulo gaztetxean —iaz Ez-Kopla Txapeketa egin behar izan zuten—. Sortzen den giroagatik, urteko gau magikoenetakoa izan ohi da, eta babes neurriek horretan eraginik izan ez zutela esatea gezurra litzatekeen arren, ostiral iluntze ederra pasatzeko aukera izan zuten bertaratu ziren herritarrek. Ez baitira gauza bera gaztetxea lepo, jendea eserita zein zutik, eta barra zabalik izatea; eta atzokoa: ikusle guztiak eserita, maskarak soinean, eta barra itxita.

Hala ere, aitzakiarik ez, saio bikaina egin baitzuten oholtzara igo ziren bi gai jartzaile, hamar bertsolari eta hiru musikariak. Mayi Saizarren eta Beñat Intxausperen aginduetara, Xabi Maia, Oihana Arana, Aitor Salegi, Aimar Sorazu, Aitor Sarriegi, Nerea Elustondo, Iñaki Gurrutxaga, Aroa Arrizubieta, Maialen Lujanbio eta Hodei Iruretagoiena aritu ziren kantari. Ekitaldia musikaz girotzearen ardura, berriz, Aratz Olaizolak, Aitor Amilibiak eta Imanol Etxeberriak izan zuten;  Olaizolak trikitixarekin, Amilibia gitarrarekin eta Etxeberriak kajoiarekin. 

Taula gainean bertsolariek egin beharreko lanetan, berrikuntzaren bat edo beste bai, baina, ohi bezala, buruz burukoan erabaki zen irabazlea. Azken fase horretan, bi emakumek jardun zuten nor baino nor: azken bi kopla txapelketetako irabazleak, alegia, Maialen Lujanbiok; eta Oihana Arana eskoriatzar gazteak. Lehia polita eskainita, irabazlearen zintzarria Aranarentzat izan zen azkenean.  

Hona hemen irabazlearen agurra, bideoan:

(Argazkiak eta bideoa: Amaia Urbieta Arruti)