Erastop aplikazioa ezagutzera emateko kanpaina abiarazi dute

Aritz Mutiozabal - Mireia Galarza 2022ko urt. 1a, 10:15

Berdintasun sailak duela hiru urte jarri zuen martxan Erastop mugikorrerako aplikazioa, "emakumeen aurkako erasoei aurre hartzeko" helburuarekin. Aplikazioari bultzada berri bat emate aldera, kanpaina berria abiarazi dute departamentutik. Hori horrela, bi egitasmo garatu dituzte; bata, ikastetxeetan, eta bestea, herriko ostalariekin elkarlanean.

Aplikazioa zarauztarren artean ezagutzera emateko, herriko ikastetxe guztietan eskuorriak banatu dituzte. Zehazki, DBH 3 eta 4 mailetako, Batxilergoko eta heziketa zikloetako ikasleen artea. Gloria Vazque Parekidetasun zinegotziak eskerrak eman dizkie hezkuntza zentroetako irakasleei. Izan ere,"eskuorriak banatzeaz gain, aplikazio hau zer den eta nola erabiltzen den azaldu diete".

Era berean, Zurekin ostalarien elkarteko arduradunekin lankidetzan, herriko tabernetako eta jatetxeetako komunetan aplikazioaren inguruko informazioa daramaten pegatinak jarri dituzte.

“Zarauzko espazio guztiak emakumeen aurkako erasoetatik seguru eta libre egon daitezen nahi dugu. Gau eta egun beldurrik gabe kalera atera gaitezen eta aisialdiaz gozatu, inolako erasorik jasan gabe", nabarmendu du Vazquez. "Tamalez, emakumeek oraindik ere erasoak pairatzen ditugu emakume izate hutsagatik, beraz, Udaletik Erastop aplikazio hau bezalako baliabideak eskaini nahi ditugu, askatasunez gozatu eta geure buruaz zaindu gaitezen”.

Horrez gai, Zarauzko Udalak gaueko autobusen taxi zerbitzua duela gogoratu du zinegotziak. Zerbitzu hau udaltzaingoaren egoitzaren aurrean hartzen da eta pertsonako bi euro balio du (hiru euro hiri-inguruetan); neska bakoitza bere atari aurrean uzten duela.