486 kasu positibo atzeman dituzte azken lau egunetan

Ihintza Elustondo 2022ko urt. 3a, 15:40

Eskualdeko herri gehienetan gora egin dute zenbatutako positibo kopuruak nahiz intzidentzia tasak; guztira, 1.840 positibo zenbatu dituzte egun hauetan. Hego Euskal Herrian 11.281 positibo atzeman zituzten atzo, eta %38,3koa da positibotasun tasa. 

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, sekula baino positibo gehiago zenbatu dituzte azken lau egunetan Urola Kostako herrietan. Hain zuzen ere, 1.840 kasu baieztatu zituzten ostegunetik atzora bitartean egindako probetan. Gaur-gaurkoz, bi milatik gorakoa da 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa eskualdeko herri guztietan, eta lau milatik gorakoa da 5.000 biztanletik gorako herrietan.

Gaurkoan ere, Zarautzen eta Azpeitian zenbatu dituzte kasu gehien. Zarautzen, 486 kasu atzeman dituzte azken lau egunetan, eta 4.784,34koa da intzidentzia tasa; 3.190,99koa zen tasa hori duela lau egun. Azpeitian, berriz, errekor guztiak hautsi ditu intzidentzia tasak: 421 positibo zenbatuta, 7.089,36koa da tasa hori; ostegunaz geroztik bi mila puntu egin du gora. Azkoitian ere gora egin dute kasuek: 350 positibo atzeman ostean, 6.233,83ra igo da intzidentzia tasa; 3.580,07koa zen tasa ostegunean, eta beraz, bi mila puntu baino gehiago egin du gora.

Herri horien ostean, Zumaian zenbatu dituzte kasu gehien; 280, hain zuzen ere. Positiboen gorakadak eragina izan du intzidentzia tasan ere: ostegunean, 3.612,50ekoa zen tasa, eta gaur-gaurkoz, 5.881,75ekoa. Orion, bestalde, 107 kasu atzeman dituzte, eta 4.191,13koa da tasa. Getarian, 74 kasu baieztatu dituzte –5.371,02ko tasa–; Zestoan, 66 kasu –5.726,76ko tasa–; Aian, 37 kasu –4.534,01eko tasa–; Aizarnazabalen, hamabost –5.851,76ko tasa–; Errezilen, hiru kasu –2.898,55eko tasa–, eta Beizaman, bat –3.225,8eko tasa–.

Hego Euskal Herrian 11.281 positibo

Hego Euskal Herrian ere, kopuru handiak zenbatu dituzte. Izan ere, atzo 11.281 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan. Guztira, 29.416 PCR eta antigeno proba egin zituzten Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; beraz, positibotasun tasa %38,3koa da gaur-gaurkoz. Ospitaleei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, COVID-19a duten 56o lagun daude ospitaleratuta solairu arruntetan, eta beste 132 ZIUetan. Osasunbideak adierazi duenez, Nafarroan 188 pertsona daude ospitaleratuta, horietatik 24 ZIUetan.