Kalera atera dira zarauztarrak, presoen eskubideen alde

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 8a, 19:05

Antolatzaileen arabera, 500 lagun batu dira Zarautzen Sare plataformak egindako deialdira. Beste urte batez, euskal presoen Euskal Herriratzea eta gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko aldarrikatu dute.

Manifestazio jendetsuak zeharkatu ditu Zarauzko kaleak gaur arratsaldean. Izatez Bilbon egin ohi du manifestazio erraldoia Sarek urtero presoen eskubideen alde, baina pandemia egoeragatik deialdiak herriz herri egin dituzte aurten. Sareren deialdiari erantzunez, 500 lagun atera dira presoen eskubideak aldarrikatzera Zarautzen. Antolatzaileek jakinarazi dute bertaratutakoen kopurua.

Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako zein Frantziako Gobernuei zuzendu zaie Sare gaurkoan. Eskubideak aldarrikatzeaz gain, euskal preso guztiak Euskal Herriratzeko eskatu du, baita gradu progresioan dagoen blokeoa askatzeko galdegin ere.

Hala zioen manifestazioaren amaieran Ainhoa Bagliettok eta Haritz Gartxoteneak irakurri duten testuak: "Oraindik euskal presoen %50a Euskal Herritik kanpo diren espetxeetan dago. 3. gradua eskuratzeko edota irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko blokeo sistemiko baten aurrean aurkitzen gara". Larriki gaixo diren hemeretzi preso daude oraindik euren osasunerako eskubidea urratuta dutenak. Eta zer esanik ez, adindun presoen edota motxiladun haurren eskubideei dagokienean. Salbuespen legeak erpin asko ditu eta benetako aldaketa batek guztiei eman behar die aterabidea".

Irakurketaz gain, Uxue Alkortaren bertsoa entzuteko aukera izan da amaierako ekitaldian, eta bukatzeko, Kalera kalera abestu dute guztiek, Josu Txapartegi Txapas-en soinuaren eta Arranoko gitarristen laguntzaz.