Bihartik aurrera aurkeztu ahalko dira lanak Martxoaren 8ko kartel lehiaketara

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 9a, 15:00

Emakumeen* Etxean jarriko dituzte ikusgai kartel guztiak. (Aritz Mutiozabal)

Banaka nahiz taldeka hartu daiteke parte lehiaketan. Urtarrilaren 21era arte egongo da zabalik kartelak aurkezteko epea.

Zarauzko Udaleko Parekidetasun Sailak aurten ere kartel lehiaketa antolatu du Emakume Langilearen Nazioarteko Egunaren harira. 14. aldiz jarri du martxan diseinu lanen lehia udalak, eta astelehenetik aurrera bidali ahalko dira kartelak lehiaketara. Parte hartzeko epea urtarrilaren 21ean amaituko da, 12:00etan.

18 urtetik gorako edozeinek hartu ahalko du parte lehiaketan Parekidetasun Sailak zehaztu duenez, banaka edo taldean. Egile bakoitzak gehienez ere lan bat aurkeztu ahal izango du, originala eta argitaragabea. Kartelak berdintasuna@zarautz.eus helbide elektronikora bidali beharko dira, oinarrietan zehaztutakoak errespetatuta. Udal departamenduak gaineratu du kartelen gaiak zerikusia eduki behar duela Martxoaren 8arekin, hau da, Emakume Langileen Nazioarteko Egunarekin. Testu hau sartu beharko da kartelean, "ondo ikusteko moduan": 2022ko martxoaren 8a-Emakumeen Nazioarteko Eguna. Horrez gain, egileak hala nahi izanez gero, gaiaren inguruko leloren bat ere sartu ahal izango da. 

Bi sari banatuko dituzte: epaimahaiarena (400 euro) eta publikoarena (200 euro). Kartelak baloratzerako orduan, ondorengo irizpideak hartuko ditu kontuan epaimahaiak: kalitatea, originaltasuna, proposatutako gaira egokitzea eta sormena.

Bestalde, Parekidetasun departamentuak aurkeztutako lan guztiekin erakusketa egingo du martxoan zehar Emakumeen* Etxean. 

Lehiaketaren oinarriak ikusteko, egin klik hemen.