Aurrerapen kantua argitaratu du gaur Keia musika taldeak

Onintza Lete Arrieta 2022ko urt. 11a, 11:40

Taldea berria da, eta otsail hasieran kaleratuko du aurreneko diskoa. Musikariak, berriz, eskarmentudunak dira: Ane Arruti zarauztarrarekin batera, Egoitz Olaldek, Iñigo Ibarrondok eta Iker Martinez de Zuazok osatu dute taldea.

Keia musika taldea jaio da, eta kaleratu du aurrerapen abestia, Ez zara zu izenekoa. Taldearen aurreneko diskoa, berriz, otsail hasieran egongo da entzungai.

Ane Arruti zarauztarra da taldeko abeslaria, eta gitarra ere jotzen du. Beste hiru taldekideak Egoitz Olalde (bateria), Iñigo Ibarrondo (baxua) eta Iker Martinez de Zuazo (gitarra) dira. Ibilbide luzea duten musikariak dira, Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao eta Amonal taldeetan ibilitakoak baitira.

Diskoa azaroa eta abendu artean grabatu zuten Iñigo Irazokiren Atala estudioan, Beran (Nafarroa).