Tuterako hilketaren harira elkarretaratzera deitu du mugimendu feministak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 12a, 08:25

Ostiral honetan jarri dute Sara Pinaren hilketa salatzeko hitzordua Zarauzko Morroxkek, Bilgune Feministak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. 19:00etan elkarretaratuko dira Lege Zaharren enparantzan.

Elkarretaratzera deitu dute ostiral honetarako Zarauzko Morroxkek, Bilgune Feministak eta Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak, astelehenean argitara atera zen hilketa salatzeko.

Astelehen goizean, Sara Pina izeneko 38 urteko emakume baten gorpua aurkitu zuten Foruzaingoak eta suhiltzaileek Tuteran (Nafarroa), Iruñea pasealekuko etxe batean. Labanaz egindako zauriak zituen hilotzak sabelaldean. Emakumearen senarra izan da hasieratik susmagarri nagusia, eta Boisredon herrian (Frantzia) atxilotu zuten atzo eguerdian.

Ikerketaren tesi nagusia da senarrak hil zuela Pina, baina Tuterako epaitegiak ikerketa sekretupean jarri du, Europa Press agentziak aurreratu duenez.

Hilketaren harira, mezu hau zabaldu du Zarauzko mugimendu feministak sare sozialetan: Urte berrian zaharrak berri... 10 egun apenas ditu 2022ak eta Sara Pina erail dute Tuteran. Erasorik ez erantzunik gabe! Autodefentsa feminista! Ostiral honetan jarri dute hilketa salatzeko hitzordua, 19:00etan Lege Zaharren enparantzan.