2021ean %30 hazi da Getariako Txakolina sor-markako produktuen esportazioa

San Anton egunez txakolin uzta berriaren aurkezpenik ez dute egingo aurtengoan Getarian, baina datuak plazaratu dituzte. 36 upategik osatzen dute sor-marka, eta aurten sartu diren bi upategi berrien artean Zestoako Aitaren dago.

Getariako Txakolina sor-markak plazaratu ditu 2021eko uztari buruzko datuak. Horietatik esanguratsuenetakoa, %30 hazi dela esportazioa. 2019-2020 kanpainan 423.200 litro esportatu zituzten, eta 2020-2021 kanpainan, berriz, 574.125 litro. “Hau izan da upategiek merkatu berriak irekitzeko egiten duten ahalegin handiaren emaitza”, sor-markako arduradunen hitzetan.

Zehaztu dute AEB Amerikako Estatu Batuak direla merkatu nagusia –herrialde guztien %65–; atzetik, alde handiarekin, Frantzia –% 6,5–, Erresuma Batua eta Norvegia –%5,2– eta Suedia eta Japon –% 4– daude.

2021. urtea datu onekin amaitu dutela azpimarratu dute, “2019ko merkaturatze zifretara iritsiz. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu kontsumitzaile guztiei Getariako Txakolina bezalako gure produktu batean konfiantza izateagatik”. 

Azken uztaren ezaugarriak

2021eko uztako txakolina merkaturatu dute dagoeneko, eta azken uzta horri buruzko datuak ere eman dituzte: batetik, esan dute 2020an baino %10 mahats gutxiago jaso zela iaz –3.974.000 kilo–. Hala, 2.461.000 litro Txakolin Zuri egin ziren, 230.600 litro Txakolin Gorri eta 6.540 litro Txakolin Beltz.

Mahatsaren ezaugarriei dagokienez, azaldu dute “mahats osasuntsu eta kalitatezkoa” bildu zela irailaren bigarren hamabostalditik aurrera, eta, “horren ondorioz, gure inguruko txakolin tipikoa egin da, 11 gradu ertainekoa eta azidotasun markatu eta orekatua duena”.

Getariako Txakolina sor-markan 443 hektarea daude inskribatuta, eta guztira 36 upategi, azken urtean bi enpresa gehitu direlako taldera, horietako bat Zestoako Aitaren. Beste upategia Oñatiko Murgialdai da.