Oraindik ere parte hartu daiteke Inauterietako kartel lehiaketan

Mireia Galarza Bastida 2022ko urt. 16a, 10:00

Urtarrilaren 31 bitartean aurkeztu ahal izango dira lanak Turismo Bulegoan edo Euskalduna tabernan.

Abenduaz geroztik martxan dago Inauterietako XVIII. Kartel Lehiaketa, eta oraindik ere hartu daiteke parte bertan. Hain zuzen, urtarrilaren 31n amaituko da proposamenak aurkezteko epea.

Inauteriak 2022, otsailak 25-28, Zarautz esaldiak azaldu beharko du kartelean, eta ezingo da beste ezer idatzi. Teknikari dagokionez, egileak nahi duena erabili ahal izango du, eta lanak Turismo Bulegoan (Kale Nagusia 30) nahiz Euskalduna tabernan (Kale Nagusia, 37) entregatu daitezke. Ohi bezala, gutunazal itxi batean eta izenburu edo goiburu berberarekin, parte hartzailearen identifikazio datuak adierazi beharko dira (egilea, telefonoa eta IFZ). Gutunazala lanaren atzeko aldean itsatsiko da.

Parte hartzaile bakoitzak gehienez bi lan aurkeztu ahal izango ditu, eta horiek A-3 neurrian entregatu beharko dira, baita CD-ROM batean ere (TIFF, JPG edo PDF formatuan). Oinarriek jasotzen dutenez, jatorrizko lan guztiak egileen jabetzakoak izango dira, saritutako lanak izan ezik. Horiek Euskalduna tabernaren jabetzakoak izango dira, baita aipamenen bat lortzen duten lanak ere. Hala, Euskalduna tabernak eskubidea izango du saritutako lanak argitaratzeko.

Sariei dagokienez, irabazleak 300 euro jasoko ditu, bigarren sarituak 100 euro, eta publikoaren saria eskuratzen duenak, berriz, bi lagunentzako otordua.