Iritzia: 'Dagoena onartu edo borrokara batu'

Ezkerretik eskuinera: Sara Etxabe, Aritz Etxabe eta Martxel Aldai. (Utzitakoa)

Honako iritzi artikulu hau bidali dute Gazte Koordinadora Sozialistan diharduten eskualdeko hiru gaztek: Sara Etxabe zumaiarrak, Martxel Aldai aiarrak eta Aritz Etxabe zarauztarrak.

Ohartzen gara. Komunikabideek birusaren datuen gorabeherez besterik ez diharduten bitartean, ohartzen gara gure egunerokoan geroz eta larriago gabiltzala: argindarraren prezioa markatik markara dabil, gurasoen etxetik joan ahal izatea ia ameskeria da, autoa hartze hutsak bidesarien eta gasolinaren beldurra dakarkigu, platera betetzea ere garestitu da… Ohartzen gara, bai, bizitza geroz eta garestiagoa dela. Garestitzen da soldata ez delako 6,5eko langa gainditu duen inflazioarekin harmonian igotzen, eta lan mundura sartzen ari garenon eguneroko ogia langabezia, soldata baxuak eta aldi baterako lanak direlako. Bizitza gero eta garestiagoa da, eta gu gero eta pobreagoak gara.

Pobretzea areagotzearekin batera, politika egiteko eredua ere aldatzen ari da, testuinguru arriskutsu bat ari baita normalizatzen: gure segurtasunaren eta ongizatearen izenean, eskubideen murrizketaren bidez ebatzi nahi da edozein arazo, izan gazteriaren kriminalizazioaren bitartez, izan kontrol sozialerako bitartekoak areagotuta edota presentzia polizial-militarraren indartuta. Egun batetik bestera, zenbait eskubide urratuz, gure bizimodua erabat baldintzatzeko askatasun osoa dute agintari politikoek, oposizio errealik gabe edozein erabaki politiko har baitezakete, inpunitate osoz. Totalitarismorako pauso irmo horiek, zerbait islatzen badute, gure zaurgarritasuna eta zapaldu izaera da: pobreago gara, eta gainera, eskubide gutxiago ditugu.

Egoera honetan, instituzioen eta politika profesionalaren xake-taulako pieza guztiak kolore berekoak dira: zuzenean edo zeharka, bizi dugun miseria egoeraren gaineko ardura partekatzen dute partaideek. Izan ere, ustezko aurkakotasun bat erakutsi arren, euren zirku politikoan norbait izan nahiak, taula horretan inposatutako dinamikei men egin beharra dakar ezinbestean. Horrela, etxegabetzeak eten nahi dituen gobernua ez dago bankari eta enpresari handiei erantzukizunez aurre egiteko prest; soldata “duinak” eskatu arren, miseriara kondenatzen gaituen lan erreforma ez dute arbuiatzen ezkerreko alderdiek zein sindikatu nagusiek; eskubideen urraketak eta polizia gehiegikeria salatzen dituztenek, gu jipoitzeko baliabideak handitzen dituzten aurrekontuak onartzen dituzte… Eta horrela etengabe, agerian utziz joko zelaia aldatu ezean, egoera hau aldatzea ezinezkoa dela; erreforma miseriaren kudeaketara kondenatuta dagoela. Ezintasun horren oihartzuna da bizi dugun ezintasun politikoa eta fartsa horrekiko guztiarekiko gazteok dugun atxikimendu falta.

Guri dagokigu axolagabekeria eta ezintasuna gaindituz bankari eta enpresari handien botere guneetatik kanpo antolatzen jarraitzea, independentzia politikoaren alde eginda. Guri baitagokigu ohartzea; ohartzea gu ez den inork ez gaituela miseriatik libratuko, gu ez den inork ez diola ofentsiba ekonomiko eta politikoari aurre egingo. Gazteok batzeko eta mobilizatzeko garaia da; arazo pertsonal modura baino, egunerokoan bizi duguna modu orokor batean ulertuta eta borrokatuta soilik lortuko baitugu dakarkiguten basakeriari aurre egitea. Testuinguruak lerratzea eskatzen du, datozen aldaketak pairatuko ditugunoi bi aukera  baino ez baitzaizkigu agertzen: dagoena onartzea edo borrokara batzea. Urtarrilaren 29an gure hautua zein den erakutsiko dugu Bilbon, Gazte Koordinadora Sozialistak deitutako mobilizazioan.