'Calladita no eres mas bonita' liburua aurkeztuko dute udalbatzar aretoan

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 26a, 09:15
Gloria Vazquez Parekidetasun zinegotzia eta Andrea Diez Emakumeen* Etxeko dinamizatzailea. (Aritz Mutiozabal)

Indarkeria matxista jasan duten hamar emakumeren bizipenak jasotzen ditu liburuak. Emakume horietako batek parte hartuko du gaurko saioan; 19:00etan izango da, doan eta gaztelaniaz.

Calladita no eres mas bonita liburuaren aurkezpen saioa antolatu du Emakumeen* Etxeak gaur arratsalderako. Nuria Prieto galiziarrak gidatutako proiektua da, eta bertan indarkeria matxista jasan duten hamar emakume gazteren testigantzak eta bizipenak jaso ditu. Hain justu ere, emakume horietako batek aurkeztuko du liburua gaurko ekitaldian, 19:00etatik aurrera, udaletxeko batzar aretoan. «Bere parte hartzea oso garrantzitsua bezain interesgarria izango da. Hari zuzenean entzutea, eta berarekin solastea nahiz galderak egin ahal izateko aukera egongo da. Zentzu horretan, oso eskertuta gaude egingo duen ahaleginagatik», nabarmendu zuen Parekidetasun zinegotzi Gloria Vazquezek, Emakumeen* Etxeko dinamizatzaile Andrea Diezekin batera hitzaldia aurkezteko egin zuen agerraldian.

Liburuaren helburu nagusia da indarkeria matxista sufritu duten emakumeei "ahotsa ematea", eta aurkezpen hitzaldiaren bitartez horixe bera sustatu nahi izan du Emakumeen* Etxeak. "Emakume hauek oso ausartak izan dira. Oraindik ere, gezurra badirudi ere, indarkeria matxistak tabua izaten jarraitzen du hainbat arlotan. Oraindik pentsatzen da bikoteen arteko arazoa dela, bikote barruan geratu beharreko zerbait. Oraindik lotsa ematen du honi buruz hitz egiteak, kosta egiten da honen inguruan hitz egitea. Horregatik, funtsezkoak dira horrelako egitasmoak orain arteko guztiarekin apurtzeko", adierazi zuen zinegotziak.


«Identifikatu»

Liburuan lehen pertsonan kontatutako hamar kasu erreal biltzen dira. «Kasu batzuetan indarkeria psikologikoa dago. Besteetan, aldiz, bortxaketak, kolpeak, jipoiak... baina gertakizun hauetan ez dago sentsazionalismorik», adierazi du Vazquezek. Haren iritziz, garrantzitsua da kontakizun horiek azaleratzea indarkeria jasaten duten beste hainbat emakume konturatzeko ez dela normala eta ez dutela zertan egoera hori jasan. «Horregatik, inportanteak dira horrelako liburuak, baita hitzaldiak ere, besteek beren burua biktima moduan identifikatu dezaten», gaineratu zuen.

Herritar guztiak gonbidatu dituzte jardueran parte hartzera, baina bereziki gazteentzat interesgarria izango dela iritzi diote antolatzaileek. Hitzaldia doakoa izango da, eta bertaratzeko ez da aldez aurretik izenik eman beharko; edukiera bete arte izango da. Aurkezpen saioa gaztelaniaz izango da. 

Emakumeen* Etxeko kideek jakitera eman dutenez, Calladita no eres mas bonita liburuaren ale batzuk banatuko dituzte hitzaldia hasi baino lehen. Eskuratzeko aukerarik ez dutenek Emakumeen* Etxeko liburutegian topatu ahal izango dute.