Datorren astean estreinatuko dute Aner Peritz partaide duen 'Erre' proiektua

Aritz Mutiozabal 2022ko urt. 26a, 12:00

Aner Peritz, Oihana Arana, Haizea Arana eta Leire Vargas bertsolari gazteek Erre. Aldarri bat bertsoz izeneko proiektua ondu dute, Edurne Azkarateren zuzendaritzapean, eta datorren astean estreinatuko dute, otsailaren 5ean, Durangoko San Agustin Kulturgunean. Ikusmina berehalakoa izan da, ezen sarrera guztiak agorturik daude jada. Laukoteak beste sei emanaldi iragarri ditu momentuz; horietako bat Zarauzko Modelo aretoan, martxoaren 25ean.

Dramatizatutako bertso-paperek osatzen dute emanaldia, eta antzerkiaz gain, helduentzako ipuin kontaketak eta poesiak bere lekua izango dute. Genero ikuspegia ardatz hartuta, aztertuko dira LGTB+ kolektiboak arauaren baitan hartzen duen lekua, gazte izatearekin lotutako zapalkuntzak, eta horiek bertsolaritzan hartzen duten forma, beste dualismo batzuekin batera.