Esperientzia dotorea soinean

Amaia Urbieta Arruti 2022ko urt. 27a, 09:00

Hilabete gutxi barru itxiko ditu ateak Laspiur arropa denda klasikoak. Alberto eta Juan Manuel Pinedo aita-semeek nekez ahaztuko dituzte bertan bizi izandakoak. 

Erdi hutsik daude azken asteotan Laspiur arropa dendako apalak. Begi bistakoa da horren zergatia, erakusleihoan jarrita baitago kartel handi-handia, ondo irakurtzeko moduan: Jubilazioagatik, merkealdia. Abuztuan beteko ditu 65 urte Alberto Pinedo dendako arduradunak, eta orduan amaituko da bere dendari ibilbidea, baita makina bat urtez arropa klasikoa saldu duen Zigordia kaleko denda mitikoarena ere.

Albertok eraman du denda azken 44 urteetan, baina haren aurretik Juan Manuel Pinedo aita izan zen bertako arduradun. Dendaren hastapenez galdetuta, Maragus denda hartu du abiapuntutzat Juan Manuelek. Bazuten familian Maragus izeneko beste denda bat, kale berean, ume arropak saltzen zituztena. Horiez gain, trajeak, galtzak eta txaketak saltzen hasi ziren han. «Aukeran, baina, txikia geratzen zen hura, eta paretak ez zirenez mugitzen, honen aurreko partea erosi genuen», dio Juan Manuelek, Laspiur dagoen lokalari erreferentzia eginez. Bertan, gizon nahiz andreentzako arropa saldu zuten 25 urtez, baina inflexio puntu batean, emakumezkoentzako arropa saltzen zuten denda gehiago zeudela eta, gizonezkoena soilik saltzea erabaki zuten. Izena aukeratzerako orduan "baldarra" izan zela dio Juan Manuelek. "Zorrak nire izenean geratu ziren, eta denda andrearenean". Orain zortzi urte zendutako Juan Manuelen andrearen abizena da Laspiur. 


Hizkuntzen abantaila

90 urte ditu gaur egun, beraz, aspalditxo jubilatu zen Juan Manuel, eta orain lanik egin ezin badu ere, dendan ibiltzen da egunero, "ikusmiran eta bezeroekin hizketan". Denda zabaldu zutenean zer bezero mota izaten zituzten galdetuta, "atzerritar ugari" sartzen zela azaldu du, eta haiekin tratuan ibiltzeko ez zeukala inongo arazorik. Gaur egun atzerriko hizkuntzak jende ugarik menperatzen baditu ere, duela 50 urte orain baino jende gutxiagok zuen halako jakintzarik. Juan Manuelek, ordea, euskaraz eta gaztelaniaz gain, frantsesez, ingelesez eta alemanez hitz egiten daki, eta hori abantaila galanta zen garai hartan. Gaur egun, "txakur zaindari" lanetan ibiltzen dela dio, semeari laguntzen; "nire bizitza hori da".
 
Alberto 20 urte zituenetik dabil dendan arropa saltzen. Dendari lana asko gustatzen zaiola dio. "Hori bakarrik ezagutu dut, eta gustuko gauza da. Oso alaia da, bezero askorekin egoten naiz, txantxetan ibiltzen naiz, eta konfiantza handiko harremana daukat askorekin".

Urte asko zabalik daramaten denda askotan gertatzen den bezala, bezero finkoak dituzte Laspiurren, eta Albertok dio haietako asko "txikitako lagunak" direla berarentzat. 


Moden moldeak

Begi bistakoa da urteen joanaren poderioz nola aldatu diren jendearen janzkerak. Oso gertutik bizi izan dute bilakaera hori pinedotarrek, are gehiago, arropa dotorea eta klasikoa saltzen dutela kontuan hartuta. Albertok nabarmendu du garai batean ez zegoela orain beste aukera. "Galtzak grisak, marroiak edo urdinak izan zitezkeen lehen, eta jertseak beste hainbeste, agian granateren bat, bi modelotako aukerarekin. Gaur egun askoz aukera zabalagoa dago".  

Bezeroa gustura lagatzeko dendara aukera oso-oso zabala ekarri behar izaten dela dio Albertok. "Askotan, gainera, mareatu egiten duzu bezeroa, berak nahi duelako betiko jertse urdina, eta zuk beste mila aukera jartzen dizkiozu parean". 

Adineko jendearen janzkera aldaketez ere aritu da Alberto. "Ni lanean hasi nintzenean, adin batetik aurrerako guztiek aitonak ziruditen. Orain, zaharragoak ere ikus ditzakezu jertse gorriekin eta. Aiton-amonen argazki zaharrei begira jarriz gero, zahar-zaharrak dirudite, eta agian, 55 urte dituzte bertan. Orain, 20 urte gehiagorekin, baliteke askoz itxura gazteagoa izatea". Juan Manuelek, berriz, ez dauka arazorik jertse gorriekin: "Agure zaharrez janztea ez zait gustatzen; urteak nahikoa dira", dio.

Moden joan-etorrietan aditua da Alberto. "Beti moskeatzen dute jendea hasieran". Arropa oso klasikoa saldu arren, joeretara apur bat egokitu behar izaten du aldiro. "Niri gazte bat ez zait etorriko tarratadun galtza baten bila, baina nik daukadan arropak ere joan behar du pixka bat modarekin bat. Pitilloak baldin badaude modan, apur bat barren estuagokoak ekarriko ditut, nahiz eta pitilloak ez ditudan salduko". 


Azken hilabeteak

Urriaz geroztik dauka merkealdian arropa Albertok, aterabidea eman nahi baitie jubilatu aurretik dendan dauzkan alkandora, txaleko, atorra eta galtzei. Kartela jarri ondorengo lehen hilabeteak "zoramena" izan zirela dio: "Kontatuz gero, ez nuke sinetsiko!". Dendan ibili diren bezeroei oso eskertuta agertu da, bere arabera, galtzak launaka-eta erosi baitzizkioten. Orain, zailagoa da kontua, "neurri solteak eta kolore bereziak" geratzen zaizkiolako.  

Apalak horren hutsik ikusteak pena handia ematen die aita-semeei, baina are gehiago hustea da merkealdiaren helburua. Juan Manuelek dio beretzako seme baten modukoa izan dela denda. "Baina gauzak hala etortzen dira eta hala hartu behar dira. Horrelakoa da mundua", azaldu du Juan Manuelek. Aurrerantzean noren zakur zaindaria izango den galdetuta, kalean ibiliko dela dio. "Ni mendizalea beti izan naiz, eta ibili egingo naiz. 90 urterekin ezin da eskatu korrika ibiltzea, baina, jaungoikoari eskerrak, osasun zoragarria daukat".