'Igelen metamorfosia' txotxongilo erakusketa irekiko dute ostegunean

Aritz Mutiozabal 2022ko ots. 1a, 16:00

Corrado Masaccik arrautza-ontziekin sortutako txotxongiloak izango dira ikusgai Sanz Enea kultur etxean, martxoaren 6a bitartean.

Ondarroan bizi den Corrado Masacci artista italiarraren Igelen metamorfosia txotxongilo erakusketa izango da ikusgai ostegun honetatik aurrera, Sanz Enea kultur etxean. Duela hiru urte ere izan zen espazio berean Zirkua eta txotxongiloak izeneko proposamenarekin, baina oraingo honetan, oro har, igel itxurako txotxongiloen inguruko erakusketa dakar.

Antza denez, Sesame Street saioko Gustavo edo Kirmit pertsonaia ezagunekiko miresmenak bultzatuta ekin zion Masaccik igel ezberdinak egin eta mugiarazteari. Urte askotako lanaren emaitza herriz herri erakusten aritu da, ondoren, eta orain Zarautzen paratuko du martxoaren 6a bitartean.  

Igelen metamorfosia izenburua aukeratu du sortzaileak, anfibio horien ezaugarririk garrantzitsuenetariko bat izateaz gain, txotxongiloen sortze prozesuan ere "metamorfosi bat" dagoelako. Izan ere, erakusketako igel gehienak arrautza-ontziak ziren hasiera batean eta, apurka-apurka eraldatzen joan dira. Mugimenduaren bidez, hiru dimentsioko objektu batek bizitza propioa hartzen du eta ikusleari emozioak helarazteko gai den izaki batean bihurtzen da.  

Ostegun honetan zabalduko dute erakusketa, eta astean zehar, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 20:00etara bisitatu ahal izango da. Larunbatetan eta igandetan, aldiz, 18:00etatik 20:00etara egongo da ikusgai. Bestalde, bisita gidatuak eskainiko dituzte goizez herriko ikastetxeentzat, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat.