Errotaberrin partzelak erosi ditu Jaurlaritzak, urbanizazio lanak egiteko

Julene Frantzesena 2022ko ots. 4a, 10:44

Alde batera utzita edo kutsatuta dauden lur industrialak berreskuratzeko asmoz, 32 herritan esku hartzeak egingo ditu Jaurlaritzak 2024ra bitartean.

Eusko Jaurlaritzak alde batera utzita edo kutsatuta dauden lur industrialak berreskuratzeko estrategia jarriko du martxan 2024. urtera bitartean. Hain zuzen ere, lurraren babeserako Euskadi 2030 planaren barruan, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 32 herritan hainbat lan –askotariko 35 esku hartze, zehazki– egingo ditu erakundeak; horietako batzuk Zarautzen, Errotaberri gunean.

Zehazki, Errotaberriko hiru partzela erosi ditu Eusko Jaurlaritzak: orotara, 25.000 metro koadro inguru izango dira, eta urbanizazio lanak egingo dituzte han hiru urtetan.

Jaurlaritzak azaldu duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dago industria jarduerarako lur askorik, eta horregatik ari da lurraren ingurumen zaintzari, jasangarritasunari eta ekonomiaren garapenari garrantzia ematen. Erakundeak 2024ra arteko plan bat prestatu du, eta plan horren bidez, kutsatuta diren 400 hektarea berreskuratuko ditu. Izan ere, lur horiek ingurumen lehentasun handikoak direla azaldu du. Berreskuratze lanak Sprilurrekin eta Ihoberekin batera gauzatuko ditu Jaurlaritzak, eta lanok 255 milioi euroko aurrekontua izango dute.