Keia taldeak ‘Erregaia’ estreinako diskoa argitaratuko du gaur

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 9a, 09:00
Keia taldea. (Ibai Arrieta)

Bi aurrerapen abesti plazaratu ondoren, gaur kaleratu du Erregaia lehen diskoa Keia musika taldeak. Ane Arruti zarauztarrak eta beste hainbat musikarik osatzen dute taldea.

Hainbat hilabetez konposaketa lanetan aritu ostean, 2022aren hasieran argitaratu zuen Keia taldeak bere estreineko abestia, Ez zara zu izenekoa. Aurrez bakarlari gisa aritu izandako Ane Arruti zarauztarra da taldeko abeslari eta gitarrista. Beste hiru taldekideak Egoitz Olalde (bateria), Iñigo Ibarrondo (baxua) eta Iker Martinez de Zuazo (gitarra) oñatiarrak dira. Ibilbide luzea duten musikariak dira, Latzen, Potemkin, Sharon Stoner, Sorkun, Zingira, Lenao eta Amonal taldeetan ibilitakoak. Aste honetan bertan argitaratu dute bigarren abestia plataforma digitaletan: Damua, eta gaurtik aurrera entzungai egongo da Erregaia disko osoa. 



Hamar abestiz osatutako bilduma da plazaratu dutena, eta «oinarri erritmiko indartsua» duten kantuak direla aurreratu dute. «Rocka zentzu zabalean» lantzen dute, eta moldaketetan nabarmenak dira 90eko hamarkdako rock alternatiboaren ukituak, baita pop, stoner, garage edota sikodelia zantzu batzuk ere.

Diskoa azaroan eta abenduan grabatu zuten, Iñigo Irazokiren Atala estudioan, Beran (Nafarroa). Bitxikeria gisa, modu analogikoan grabatu dituzte abestiak.


Zuzenekoak

Lehen kontzertua urtarrilean ziren eskaintzekoak Tolosako (Gipuzkoa) Bonberenea aretoan. Bertan behera geratu zen zuzeneakoa ordea, beraz, larunbat honetan Oñatin (Gipuzkoa) taularatuko da Keia lehenengoz, Zarauzko Ginger taldearekin batera. 

Aurreikusita dituzten hurrengo hiru kontzertuak eskualdean bertan izango dira: Zarautzen joko dute Serge bakarlariarekin batera, otsailaren 18an, Modelo aretoan (sarrerak tickets.kutxabank.es web orrian daude eskuragarri); martxoaren 11n Orion, Etxeluze gaztetxean, Shibuyarekin batera; eta martxoaren 25ean, Getariako Gaztetxean, berriz ere Ginger taldearekin batera.