Zarauzko Hezeguneen II. Eguna ospatuko dute larunbat honetan

Onintza Lete Arrieta 2022ko ots. 14a, 09:52

Larunbatean 09:00etan jarri dute hitzordua Arkamurkako kideek.

Bisita gidatuarekin hasiko dute eguna, eta ondoren, auzolanean, zaborrak bilduko dituzte, landare inbaditzaileak kendu, eta beharrezkoak diren mantentze lanak egin.

Arkamurka natur taldeak larunbatean ospatuko du Zarauzko Hezeguneen II. Eguna. 09:00etan elkartuko dira Zubiaurre-Berri baserriaren alboan –Nafarroa kaleko gasolindegiaren bestaldean–, eta hainbat ekintza egingo dute auzolanean. Aurrena, ordea, bisita gidatua egingo dute Iñurritza biotopoan.

Ondoren hasiko dituzte lanak: zaborrak bilduko dituzte, landare inbaditzaileak kendu, eta beharrezkoak diren mantentze lanak ere egingo dituzte.

Herritar guztiak gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera: "Zain egongo gatzaizkizue", esan dute. Eta gomendioa egin diete zaborra biltzeko asmoa dutenei, eskularruak eta katiuskak eraman ditzaten.

Arkamurkarentzat garrantzitsua da Iñurritza biotopoko hezegunea, eta egun berezi hori egonkortu nahi luke urtez urte ospatzeko. "Otsailean nazioarteko hezegune astea ospatzen denez, Zarauzko Arkamurka Natura-Elkarteak Iñurritza biotopoko hezegunearen garrantzia aldarrikatu nahi du. Gure elkartearen ideia eta ilusioa urtero ospatuko den dinamika bat sortzea da, Hezegune Eguna deiturikoa, hezeguneen alde egin den eta berauek babesteko egun bizirik darraien ahalegina azpimarratzeko".