Larrialdietako merezimenduen diploma jaso du Zingira Zarautz Babes Zibilak

Aritz Mutiozabal 2022ko ots. 15a, 17:00

Boluntariotzan 25. urte betetzea aitortu dio Eusko Jaurlaritzak, eta, era berean, taldeko lau boluntariori diploma bana eman diote horrenbeste urtez zerbitzuan aritzeagatik.

Eusko Jaurlaritzak iaz gizarte lan solidarioa egin zuten pertsonak eta elkarteak aitortu zituen larunbatean, eta Josu Erkoreka lehenengo lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak, Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Fernando Izagirre Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendariak, guztira, 11 domina banatu zituzten.

Era berean, Zingira Zarautz Babes Zibilari Euskadiko Babes Zibileko boluntarioen lana goraipatzeko diploma eman zioten, bereizgarri gorriarekin, taldearen 25. urteurrenaren bueltan aitorpena egiteko. Xabier Txurruka alkatearen eskutik jaso zuten oroigarria.

Bestalde, elkarteari aintzatespen aitortza egiteaz gain, taldeko lau boluntariori diploma eman zioten horrenbeste urtez zerbitzuan aritzeagatik: Iñaki Araolaza Zumeta,  Modesto Garcia Trula, Iñaki Rangil Eskudero eta Andres Ayala Virumbrales. Azken honek ezin izan zuen joan, eta bere adiskideek jaso zuten aitortza-saria haren partez.