Inauteriak 2022

Mozorroak, kolorea eta festa itzuliko dira herriko kaleetara

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 17a, 11:21
Egitarauan parte hartuko duten eragileetako ordezkariak, inauterietako kartela eskuetan dutela. (Amaia Urbieta Arruti)

Otsaileko azken asteburuan ez da zereginik faltako Zarautzen. Besteak beste, ostiralean bigarrenez egingo dute Galtxagorrien Jaitsiera, eta larunbat arratsaldean konpartsa koloretsuarekin batera aterako dira dozenaka herritar, uda giroko doinuekin dantzatzera.

Iazko etenaren ondoren, egoerak horretarako bide ematen duela eta, mozorroek, koloreek eta alaitasunak hartuko dituzte Zarauzko kaleak otsailaren 25etik 27ra bitartean. Adin guztietako herritarrentzako egitaraua prestatu dute udaleko Festa eta Ekitaldien departamentuak eta beste hainbat eragilek. Hala, Galtxagorrien Jaitsieran parte hartuko dute 100 ume inguruk, eta konpartsa koloretsuan aterako dira adin ezberdinetako 90 herritar, uda giroko doinuekin dantza egitera. Iaz baino jende gutxiago animatu den arren, hori espero zutela eta "gustura" daudela azaldu du Yasmilka Rodriguez Marisa Merino dantza eskolako ordezkariak. Gabonen ostean hasi ziren entseguekin, eta aurten ere ikuskizun paregabea prestatu dute.

Galtxagorrien Jaitsierari dagokionean, dantzari txikien burbuilak mantendu behar izan dituztela azaldu du Garazi Eizagirre Jalgi dantza taldeko ordezkariak, eta aurten ez dela herensugerik eta joaldunik izango. Dena den, Mariren gidaritzapean, hamaika pertsonaia mitologikok zeharkatuko dituzte herriko kaleak.

Bestetik, Zurekin ostalarien elkarteko Martin Argiñanok herritarrak animatu nahi izan ditu kuadrillan mozorrotzera, herriko kaleak girotzeko eta lehiaketan parte hartu ahal izateko. Azkenik, Marian Dulanto Euskalduna tabernako ordezkaria gustura agertu da aurten berriro ere kartel lehiaketako lanekin erakusketa osatu ahal izan dutelako tabernan, eta herritarrak animatu ditu kartelak ikustera.

Gaur goizean aurkeztu dute prestatutako egitaraua eragileetako ordezkariek, eta Leire Arana jarduneko Festa eta Ekitaldien zinegotziak eman du egitarau osoaren berri.

Hemen dago ikusgai egitaraua osorik:

Otsailak 25, ostirala:

  • 16:30-19:30. Makillaje saioa eta mozorrotzea ludotekako materialarekin, 4-8 urte bitarteko haurrentzat, Ludotxo ludotekan.
  • 18:45. Galtxagorrien Jaitsiera. Imanol Urbieta Musika Eskolatik hasita, Jalgi dantza taldeko kideak, Zarautz Trikeko trikitilari eta pandero-jotzaileak nahiz Goizeko Ihintza taldeko txistulariak aterako dira kalez kale.

Otsailak 26, larunbata:

  • 12:00. Koxme baleak txupinazoa botako du, Joxelontxos txarangak girotuta, Modeloko balkoitik.
  • 12:00-14:00. Joselontxos txarangak herriko kaleak alaituko ditu.
  • 17:00-20:00. Mozorro lehiaketa Ludotxo ludotekan, makillajea eta desfilea, 9-11 urte bitarteko haurrentzat.
  • 17:30. Inauterietako 5. Konpartsa: Uda Giro. Musika Plazatik abiatuko dira. Eguraldi txarra egingo balu, igandeko 13:00etan egingo lukete.
  • 18:00-20:30. Inauteri jaia Zinema pilotalekuan: DJ nerabeen emanaldiak eta mozorro lehiaketa (taldekoa, originalena eta #zuzeukiña), 12-18 urte bitarteko nerabeentzat. Gaia itsasoa izango da.
  • 19:00. Mozorro lehiaketan parte hartzen duten kuadrillak elkartuko dira. Aldez aurretik izen eman behar da Turismo Bulegoan, edo egun berean Euskalduna tabernan.
  • 19:30. Emanaldia Trikidantz taldearekin.
  • 19:30. Kuadrillen arteko mozorro lehiaketaren sari banaketa Musika Plazan (1. saria: 250 euroko bonoa; 2. saria: 150 euroko bonoa; eta 3. saria: 100 euroko bonoa). Sari guztak Zurekin elkarteko tabernetan gastatzeko izango dira.
  • 21:30-00:00. Disko festa DJ Davila eta DJ Javirekin, Zinema pilotalekuan.

Otsailak 27, igandea

  • 12:00. Kalejira herriko kaleetan zehar erraldoi, buruhandi eta Ustekabe txarangarekin.
  • 17:30. Peru Krokodiloa emanaldia, Kantu Kolore taldearen eskutik, doan. Sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira Turismo Bulegoan, edo egunean bertan leihatilan, edukiera bete arte.