Saihesbide batek lotuko ditu Asti eta Errotaberri 2024an

Onintza Lete Arrieta 2022ko ots. 17a, 18:00
Aintzane Oiarbide diputatua, Xabier Txurruka alkatea eta Mikel Uribetxeberria zuzendari teknikoa (zutik), atzo, prentsaurrekoan. (Onintza Lete Arrieta)

Oriotik nahiz autobidetik Zarautzera sartzen diren ibilgailuek ez dute kaleetatik igaro beharko hegoaldeko industrialdeetara joateko, aldundiak eta udalak jakinarazi dutenez.

"Atzera bueltarik ez" duen eta zarauztar guztientzat garrantzitsua den proiektua aurkeztu dute gaur eguerdian Zarauzko udaletxean Xabier Txurruka alkateak eta Aintzane Oiarbide aldundiko Bide Azpiegituretako diputatuak: Zarauzko saihesbide berriaren proiektua. Asti eta Errotaberri industrialdea lotuko ditu, eta gaur bertan aktibatu du aldundiak saihesbide berri horren trazadura proiektua idazteko lizitazioa. Behin lanak amaitutakoan, beraz, autobidetik edo Oriotik Zarautzera iristen diren ibilgailuek ez dute herrira sartu beharrik izango Errotaberrira nahiz Abendañora joateko.

Idazketa hori bost hilabeteko epean egingo da, 102.000 euroko aurrekontuarekin. Ondoren, datorren urtarrilean jarriko lukete martxan obrak egiteko lehiaketa publikoa, eta lanak datorren urte horretako bigarren seihilekoan hasiko lirateke. 

Saihesbidea egiteak zer inbertsio eskatuko duen aurreratzera ez zen ausartu Oiarbide, baina bai noizko bukatuta egotea aurreikusten duten: 2024. urtearen hasieran izango da hori. Orduan, arindua hartuko dute Araba kaleko eta inguruetako errepide zatiek, gaur egun horietatik igarotzen direlako Errotaberrira eta Abendañora doazen kamioi eta langileen ibilgailu asko, Frantzesbideko zubia erabilita. Txurrukak azpimarratu du onura herri osoak igarriko duela, eta saihesbide hori «zarauztarren ametsa» zela. «Urte luzez egin nahi izan den zerbait da, eta uste dut agintaldi honetako egitasmo garrantzitsuena izango dela». 

Proiektu horrekin lotuta, herrian aparkatzeko dagoen arazoarentzat irtenbide bila ere ari direla azaldu du alkateak, iradokiz turistek ere han utzi ahalko dituztela autoak, erdigunean autoarekin atzera eta aurrera ibili beharrean. Gainera, gogorarazi du Errotaberrik garapen handia izango duela datozen urteetan, orain urbanizatzen ari diren 40.000 metro koadroko azalera egongo delako bertan jarduerak garatzeko. Eta, beraz, gaur egungo zirkulazio dentsitatea nabarmen hazi daitekeela azaldu du.


1.200 metro luzeko bidea

Oiarbidek hainbat zehaztasun eman du, esaterako, saihesbideak bi errei izango dituela, eta A-8 autobidearen ordainlekuko biribilgunean hasiko dela. 1.200 metroko luzera izango du, eta autobidearen azpitik pasatuko da Asti parean. Eremu horretan gaur egun dagoen biribilgunea bere horretan utzi ala ez erabakitzeko dago, beste biribilgune bat egingo delako metro batzuk lehenago, gaur egun kamioientzako dagoen aparkalekuaren parean. "Eraiki beharreko tarte berria Errotaberri industrialdera iristean amaituko da, eta printzipioz, lotura zuzena izango da iaz  Errotaberrira iristeko eraiki zen bidearekin, T itxurako elkargune baten bidez". 

Astira joateko bidegorria eta oinezkoentzako bidea mantendu egingo dituztela ere jakinarazi dute, eta aztertu egingo dela errepide horrek hobekuntzarik behar duen, eta behar baditu, nolakoak izango diren. 

Prentsaurrearen amaieran hitza hartu du Mikel Uribetxeberria Bide Azpiegitura saileko Kudeaketa eta Plangintza zuzendari nagusiak. «Orain hamabost urteko proiektuak aurreikusten zuen saihesbidea autobideko ordainsariaren azpitik igarotzea industrialdera iristeko», eta hori baino soluzio sinpleagoa, merkeagoa eta hobea iruditu zaie gaur aurkeztutakoa. Hain zuzen ere, «Astibidea aprobetxatzea, tunela ekidinez eta autobiderako eta industrialderako zirkulazioak hasieratik banatuta. Udalaren ekarpena izan da hori, gainera», azaldu du Uribetxeberriak.