Zarauzko bost ontzik hartuko dute parte Oriako Traineru Jaitsieran

Aritz Mutiozabal 2022ko ots. 18a, 11:00

Bihar arratsaldean jokatuko da estropada Orioko errioan, eta ZAEko senior nesken eta mutilen traineruez gain, mutilen bigarren taldeak Getariako bigarrenekin osatutako Getaria-Zarautzek ere hartuko du parte. Era berean, Badok 13 beteranoek bi txalupa aurkeztuko dituzte.

Arraunzaleek hitzordu garrantzitsua izango dute bihar Orion. Izan ere, Oriaren 28. Traineru Jaitsiera jokatuko da, arratsaldeko 16:30etik aurrera. Aurten 78 ontzik parte hartuko dute estropadetan, eta 1.000tik gora arraunlarik egingo dute arraunean.Zortzi ontzi Herrialde Katalanetatik etorritako llagut-ak izango dira, bost traineru jubenilenak eta 22 beteranoek osatutakoak. Seniorrei dagokienez, emakumezkoek osatutako 17 traineruk egingo dute arraunean, eta gizonezkoen 26 ontzik.

Antolakuntzak bi ibilbide egokituko ditu estropadarako. Senior mailako mutilek 6.000 metro egingo dituzte arraunean, Mapiletik abiatu eta herriraino. Gainontzekoentzat, berriz, ibilbideak 4.000 metro izango ditu, eta Sarikolatik aterako dira. Seniorren artean, Orialkik babestutako bi bandera izango dira jokoan; nesken artean bata, eta mutilen artean bestea.

Zarautz Gesalaga Okelango bi traineruak bertan izango dira. Nesken Enbata 17:26ean abiatuko da Saikolatik, eta mutilena, berriz, 17:49ean Mapiletik. Mutiletan, era berean, ZAEko arraunlari gazteek bigarren taldea osatzeko Getariako gazteekin osatu dute aurten trainerua, eta Getaria-Zarautz ontzia 17:40an irtengo da. Beteranoen mailan, Badok 13 taldeak bi ontzi uretaratuko ditu: A trainerua 17:18ean abiatuko da eta B trainerua, lehenago, 17:08an.