Hezegunea baino gehiago

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 18a, 12:00
2020an egin zuten zabor bilketa azkenekoz IƱurritzako paduran. (Arkamurka natur elkartea)

Zarauzko Iñurritza ibaiko paduraren garrantziaz ohartarazteko eta hari balioa emateko asmoz, Zarauzko Hezeguneen Eguna egingo dute bihar, hirugarrenez. Inguru horren garrantziari buruzko erreportajea plazaratu dute gaur Gipuzkoako HITZAn. 

Ohikoa da inguruko ibai eta erreketan etxetresna zaharrak, erosketetako orgak nahiz begi bistan geratzen ez diren beste hainbat objektu pilatuta egotea. Hori bera gertatzen da Zarauzko Iñurritza auzoan, izen bera daraman ibaia itsasoratzen den inguruan. Padura dago gune horretan, eta, hain ekosistema berezia izanik, Arkamurka Zarauzko natur elkartea aspalditik kezkatu izan du inguru horren zaintzak.

Duela hamabi urte inguru berreskuratu zuten Iñurritzako biotopoa, eta, Arkamurkako kide Eneko Azkueren arabera, azken boladan “utzita” sumatzen zuten. Kezka horretatik abiatuta sortu zuten duela bi urte Zarauzko Hezeguneen Eguna. “Herritarrak kontzientziatzea eta ingurua apur bat txukuntzea” zuten xede, eta helburu horrekin antolatu dute ekintza hori bera biharko, hirugarrenez.

Azkuek azaldu duenez, errekak menditik behera ekarritakoaz gain, Urola eta Oria ibaietatik etorritakoa izaten da Iñurritzako paduretan pilatzen den zaborra. “Euri asko egiten duenean, ibai horietako ur zikinek Zarautzen egiten dute topo, eta, marea biziak baldin badaude, kanalaren barru-barruraino sartzen dira”. Oriaren kasua “nabarmena” izaten dela dio Azkuek: “Mendi aldetik Zarautzera begiratuz gero, itsaso urdina eta ekialdetik ur marroia zabaltzen ikusten da. Ur hori Igeldo aldera eta Mollarri aldera zabaltzen da, zaborra paduretan metatuz”. Horrelako kasuak urtean “birritan-edo” gertatzen dira, eta zakarra bertan geratzen da pilatuta, ura ez delako berriro ere maila horretara heltzen. “Eta eskerrak hala gertatzen den, horrela aukera edukitzen dugulako zakar hori jasotzeko, itsasora heldu ez dadin”, dio Azkuek. Hain zuzen, besteak beste horixe egingo dute bihar.

Zaindu beharreko gunea

Zaborra biltzeaz gain, Arkamurkako kideen asmoa da herritarrei gogoraraztea hezeguneak oro har eta padurak bereziki zer garrantzitsuak diren ingurumenaren orekarako. Azkuek nahiko luke haien ekintzek balio izatea herritarrak Iñurritzaren garrantziaz ohartzeko. “Azkenean, balioa eman behar diegu herrian geratzen diren padura eremu gutxi horiei, eta jendea ohartu dadin nahi dugu oso toki gutxitan topatzen den ekosistema hauskor bat daukagula etxe ondoan”.

Irakurri erreportajea osorik Gipuzkoako Hitzaren atari digitalean.