'Iraun' diskoa plazaratu du Occhi di Farfallak

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 18a, 13:15

Bonberenea Ekintzak ekoiztetxearen eskutik plazaratu du diskoa Zarauzko musika taldeak, eta iragarri duenez, orain arteko "elektrikoena eta indartsuena" da.

"Orain arteko disko elektrikoena eta indartsuena" plazaratu berri du Zarauzko Occhi di Farfalla taldeak: Iraun. Aurreko diskoaren aurkezpen bira bertan behera laga behar izan zuten pandemiaren eraginez, eta azken hilabeteak sorkuntzarako baliatu dituzte. 

Miren Aranguren eta Hodei Estebanekin batera, Mallorkako (Herrialde Katalanak), Argentinako nahiz Kanadako musikariek hartu dute parte diskoan, eta iragarri dutenez, zuzenekoetan Giranice taldeko  Alexander Zubizarreta Aramendi jardungo da baxua jotzen. 

Zazpi abestik osatzen dute Iraun bilduma, eta Bonberenea Ekintzak ekoiztetxearen eskutik plazaratu dute. Grabaketa lanak, berriz, Andoaingo Garate estudioetan egin dituzte.