Hotz Zarautzek eskerrak eman dizkie beraien ekintzetan parte hartu duten herritarrei

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 19a, 12:30

Hotz Zarautzek Gabonetan izan zuen bigarren eskuko objektuen denda. (Aritz Mutiozabal)

2021ean antolatu dituzten ekintzetan parte hartu duten herritarrei eta horiek antolatzen jardun diren boluntario eta eragileei eskerrak eman dizkie errefuxiatuen alde jarduten duen elkarteak, "bihotzez". 

Hotz Zarautz errefuxiatuen aldeko elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie "bihotzez" 2021ean antolatutako ekitaldietan parte hartu duten lagun guztiei, baita hainbat ikastetxe, merkatari eta auzo elkarteri nahiz dirua eman duten pertsona eta eragileei, "azaldutako prestutasun eta elkartasun guztiarengatik". 

Gabonetako bigarren eskuko azoka; oinetako, manta eta janari bilketa; jostailu bilketa; gaztaina erre jana edota txokolatada solidarioa antolatu ditu 2021ean Hotz Zarautzek, besteak beste. Gogorarazi du ekintza horietan bildutako diru guztia errefuxiatuen aldeko proiektuetara bideratuko dutela ezagutzen dituzten hainbat elkarteren bidez. Hala nola Zaporeak, Itsas Salbamendu Humanitarioa eta Irungo Harrera Sarea. Amaitzeko, herritarrak animatu nahi izan dituzte elkartasun ekitaldietan parte hartzen jarraitzera.