Zarauzko traineruak nor baino nor aritu dira Oriako Jaitsieran

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 20a, 10:00

Getaria-Zarautz trainerua. (Aitziber Arzallus)

ZAEko senior neskak eta mutilak, Getaria-Zarautzek eta Badok 13 beteranoen bi traineruk txukun egin diote denboraldiaurreari Orioko uretan.

Atzo arratsaldean jokatu zuten Oriaren XXVIII. Traineru Jaitsiera. Ohi bezala, jende ugari erakarri zuen hitzorduak, eta ehunka izan ziren errioaren alboetan eta herrira sartzeko zubian arratsaldepasa egin zuten herritarrak. Gainera, etxean gelditu zen jokoan zeuden bi banderetako bat, Orioko emakumeak nagusi izan baitziren. Mutiletan, Bermeo izan zen azkarrena.

Zarautz Arraun Elkarteak absolutuen mailan bakarrik lehiatu zuen, nesketan zein mutiletan. Neskek sailkapeneko hamargarren lekuan bukatu zuten, oriotarrengandik minutu eta 33,46 segundora; mutilek, berriz, bederatzigarren lekuan, bermeotarrengandik minutu eta 8,80 segundora. Horrez gain, gizonezkoen beste ontzi bat ere atera zuten getariarrekin erdi bana, eta horiek hamabigarren egin zuten, irabazleengandik minutu eta 21,13 segundora.

Bestalde, beteranoen mailan, Chapela ontzia nagusitu zen, bigarrena Plentziako lehen ontzia izan zen eta hirugarren Zarauzko Badok 13 taldeak uretaratu zuen A trainerua. Herriko arraunlari beteranoek bigarren ontzi bat ere aurkeztu zuten lehiara, eta hauek 18. postuan sailkatu ziren.