"Gezur batean oinarritutako isun bat" salatu du Zarauzko Ernaik

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 21a, 09:59

Hispanitatearen Egunean mobilizazioa egin zuten Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean. (@ZarauzkoErnai)

Zarauzko Ernaik azaldu duenez, iazko Hispanitatearen Egunean Urola Kostako Ernaiko kide bat identifikatu zuen Ertzaintzak, eta orain "gezur batean oinarritutako" isun bat heldu zaio. Gertakaria salatzeko eta isunaren gastu ekonomikoei aurre egiteko hitzaldiak eta kontzertuak antolatu dituzte martxoaren 5erako.

Ertzain bati "txakurra" deitu izana, "zuek ere txakurrak zarete" esan izana eta "segurtasuna babesteko eginkizunetan ari den kide bati errespetua galtzea eta begirunerik ez izatea" egotzita, isun ekonomikoa jarri diote Urola Kostako Ernaiko kide bati, antolakundeak salatu duenez. Isuna "gezur batean" oinarrituta dagoela salatu dute, ordea, Hispanitatearen Egunean egindako mobilizazio bati lotutako identifikazio kasu bat dela azalduta. Ernaik adierazi duenez, egun hartan Ertzaintzak kide bat identifikatu zuen Guardia Zibilaren kuartelaren aurrean pankarta bat jartzeagatik.

Horrez gain, Ernaik azpimarratu du euskaraz egiteko eskakizunen aurrean "erantzun oldarkorra" jaso zutela. Pankarta jartzeagatik egindako identifikazioa "gogor" salatu zuten, eta "are gogorrago" salatu dute orain "gezurbatean oinarrituz ezarritako isuna". Polizia "elite politiko eta ekonomikoen mesedetara inpunitate osoz jokatzeko zilegitasun osoa duen aparatu errepresiboa" dela argi dute, eta gazteen jardun politikoa "oztopatzeko" bideak bilatzen jarraitzen dutela. "Hala ere, guk argi daukagu: Euskal Herri aske, sozialista eta feminista eraiki arte lanean jarraituko dugu", adierazi du Ernaik.

Hitzaldia, mobilizazioa eta kontzertuak

Gertakariak salatzeko eta isunaren gastuei aurre egiteko egitaraua prestatu du Ernaik. Martxoaren 5ean, Eneko Compainsek hitzaldia emango du Putzuzulo Gaztetxean, 11:00etatik aurrera, Errepresioa eta askapen borroka Euskal Herrian (1975-2022) izenburupean. Ondoren, kontzentrazioa egingo dute 13:00etan, Gazte antolatuonganako errepresiorik ez lelotzat hartuta, Lege Zaharren enparantzan. Azkenik, 20:00etatik aurrera, Leherkaitzek, Indabak taldeak eta DJ Dogek kontzertuak eskainiko dituzte Putzuzulon.