Zarautz Bizirik taldeak mozioa aurkeztuko du osteguneko udalbatzarrean, "neurri baztertzailerik" berriro har ez dezaten

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 23a, 10:00
Urtarrileko udalbatzarrak iraun bitartean elkarretaratzea egin zuten hainbat herritarrek udaletxe kanpoaldean. (Amaia Urbieta Arruti)

Dagoeneko toki itxietara sartzeko COVID ziurtagiria eskatzeko araua indarrean ez badago ere, kezkatuta dauzka gaiak oraindik ere Zarautz Bizirik taldekoak. Udal taldeek gaiaren inguruan daukaten iritzia ezagutu nahi dute. Plenoak iraun bitartean, salda tertulia egingo dute Lege Zaharren enparantzan.

Urtarrileko ohiko osoko bilkuraren amaieran hitza hartu zuten sei herritarrek, udal ordezkariei COVID ziurtagiriaren gaineko "ardura" eta "herritarrak babestea" eskatzeko. Udal taldeetako ordezkari bakoitzari beren iritzia eskatu zieten, eta ziurtagiriak eragindako "diskriminazioaren erantzule" direla esan zieten.

Orduko hartan, alkateak modu ofizialean erantzungo zietela erantzun zien hitza hartu zuten sei herritarrei. Orain, urtarril amaieran hitza hartu zutenek zein beste hainbat herritarrek osatzen duten Zarautz Bizirik taldeak mozio bat sartuko dute biharko udalbatzarrean, gaiak mahai gainean jarrai dezan. Dagoeneko ez dago indarrean toki itxietara sartzeko COVID ziurtagiria eskatzeko araua, baina koronabirusa dela-eta azken bi urteetan hartu diren hainbat neurriren inguruan oraindik ere kezkatuta jarraitzen dute Zarautz Bizirik taldekoek. Beraien helburua da bihar gaiaren inguruan agintariek daukaten jarrera ezagutzea.

Salda tertulia plazan

Urtarrileko udalbatzarrean hainbat herritar elkartu ziren udaletxearen aurrean pleno aretoan zeuden herritarrei elkartasuna erakusteko, eta biharko ere hitzordu berezia prestatu du Zarautz Bizirik taldeak: Salda Tertulia. 19:00etan elkartuko dira Lege Zaharren enparantzan, plenoa hasten den orduan, eta mozioaz iritziak elkarbanatzeaz gain, COVID-19ak eragindako bizipenak partekatuko dituzte. Iragarri dutenez, bertsoak entzuteko eta salda hartzeko aukera ere egongo da. Bertaratzera gonbidatu dituzte herritarrak: "Salda osasungarri batek era guztietako osagaiak behar ditu, zatoz zu ere!".

Hemen dago ikusgai urtarrileko ohiko osoko bilkura.