Eneritz Aulestia: "Zerbait berria eskaintzea da gure helburua"

Mireia Galarza Bastida 2022ko ots. 23a, 08:55

Neomak musika taldeko kide da Aulestia, eta duela gutxi plazaratu duten bideokliparen aitzakian, taldearen nondik norakoak azaldu ditu pandero-jotzaile eta abeslariak.

Eneritz Aulestiak (Zarautz, 1995) badu eskarmentua musikan, oso gazte hasi baitzen trikitixa eta pandero munduan murgiltzen. Txapelketak etorri ziren gero, eta etapa hori amaituta, hainbat proiektutan aritu da zarauztarra. Orain ere badu esku artean beste bat, Neomak taldea, hain zuzen, eta Ilargi Berriak abestiaren bideoklipa aurkeztu dute orain dela gutxi. 

Nolako erantzuna jaso duzue zuen lehen bideokliparekin?
Oso pozik gaude, egia esan. Bageneramatzan hilabete batzuk produktua lantzen, eta bideoklipa grabatu genuenetik atera den arte ere denbora pixka bat pasatu da. Beraz, gogotsu geunden jendearen erantzuna jasotzeko, eta babesa ikusita, oso gustura sentitzen gara. Gu geu ere emaitzarekin oso gustura gaude eta, azken finean, hori iruditzen zaigu garrantzitsuena: egiten dugunarekin gu ere eroso sentitzea.

Nola definituko zenuke Neomak?
Hitz grekoa da, eta ilargi berriak esan nahi du. Gure helburua publikoari zerbait berria eskaintzea da, eta horregatik diogu ilargi berriak aurkeztera gatozen zazpi emakume garela. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta aurretik beste proiektu batzuetan ere elkarrekin parte hartutakoak gara. Orain, ordea, molde berriak topatu nahi ditugu.


Tradizioa garaikide egingo duzuela diozue. Nola egiten da hori?
Ez da erraza. Azken finean, gure oinarria oso tradizionala da. Denok gatoz trikitixa eta pandero txapelketetatik, eta oso errotuta ditugu tradiziotik datozen moldeak. Hala ere, gazteak gara, 23 eta 27 urte bitarteko zazpi emakume, eta ez pentsa guk entzuten dugun musika mota bakarra trikitixa denik. Beraz, gure asmoa da kontuan hartzea nondik gatozen, baina gaur egun garen hori gehituta. Horretarako gakoa burua aske uztean dago, beldurrik eta lotsarik ez sentitzean, eta horretan gabiltza. 


Oro har, euskal musikak ere ba al du tradiziotik molde berriak topatzeko beharra?
Nik beti diot trikitixari gauza berriak gehitzeak ez duela esan nahi tradizioa gustatzen ez zaigunik edo desagertu egingo denik. Guztiak bere garapena izan duen bezala, euskal musikak ere eduki behar du garapen hori, eta orain gure txanda da produktu berriak eskaintzeko. 


Esandakoak esanda, non kokatzen duzue merkatuan zuen musika?
Normalean, folkarekin lotzen ditugu trikitixa eta panderoa, baina ez du zertan horrela izan. Popa ere izan daiteke, eta oinarri elektronikoak ere eduki ditzake, gure kasuan bezala. Beraz, momentuz, ez nuke estilo zehatz batean kokatuko.  


Zazpi emakume zarete oholtza gainean. Horrek ere izango du bere esanahia.
Bai, eta saiatzen gara hori azpimarratzen. Adibidez, bideoklipeko jarreran eta gure jantzien estiloan ahalduntzea eta indarra transmititu nahi izan ditugu. Gure mezua da zazpi emakume gazte gatozela ikusleen aurrera apustu indartsu batekin. 


Aurretik ezagutzeak lehen pausoak erraztu al dizkizue?
Noski. Guk beti diogu Neomak txiripaz sortu zela. Trikitixa txapelketetan ezagutu genuen elkar, eta gero etorri zen Kepa Junkerarekin lan egiteko aukera. Ibilbide hori amaituta, elkarrekin oholtzara igotzeari utzi genion, baina jaialdi batean zazpi kideok berriro elkarrekin jotzeko aukera eman ziguten, eta berriro piztu zen musika elkarrekin egiteko sua. Baina bai, lagunak izatea gure indargune bat da. 


Zeintzuk izango dira taldearen hurrengo pausoak?
Martxoaren erdialdean estudioan hasiko gara diskoa grabatzen, eta gogotsu gaude. Lehen esan bezala, gauza berriak probatu nahi ditugu, jolastu, eta hortik ikusiko dugu zer ateratzen den. Maiatz aldera, berriz, zuzeneko emanaldiekin hasi nahi dugu.