Bideoa: Otsaileko ohiko udalbatzarra

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 25a, 11:36

Zarautz Bizirik taldeko kideek egindako hitzartzeak eta Oihane Delgado Podemos Equo-Berdeak taldeko ordezkariak aurkeztutako mozioa izan ziren protagonista atzoko udalbatzarrean. Mozioan aurkeztutako akordio proposamen guztiak bozkatu zituzten udal taldeek, eta bat bera ere ez zen onartu. Erlo Telebistaren bideoaren lehen zatian entzun eta ikusi daitezke Zarautz Bizirik taldeko kideek egin zituzten hitzartzeak, eta amaieran, udal taldeen erantzunak.

Atzo egin zuten udal taldeek otsaileko ohiko osoko bilkura. Deialdiko gai ordena lantzeari ekin aurretik, Zarautz Bizirik taldeko sei kidek hartu zuten hitza, eta COVID-19aren hedapena saihesteko hartutako neurri murriztaileek izan dituzten eraginen inguruan aritu ziren. Beraien bizipen eta iritziak partekatu zituzten eta, oro har, gertatutakoaren eta gertatzen ari denaren inguruko kezka eta haserrea plazaratu zituzten.

Besteak beste, arau horien ondorioz haurrak "baztertuak" izan direla azaldu zuten, baita agintari zein polizien jarrera "jerarkiko eta obedientea" seinalatu ere.

Azalpenetan hainbat argumentu, galdera eta salaketa plazaratu zituzten herritarrek, eta Xabier Txurruka alkateak zenbait argumenturi erantzun zien. Bideoaren lehen 45 minutuetan ikusi eta entzun daitezke herritarren azalpenak.

Udal taldeen erantzuna Zarautz Bizirik taldeari

"Udal instalazioetan oinarrizko eskubideak urratu izanagatik" erantzukizunak eskatzeko mozioa sartu zuen Podemos Equo-Berdeak udal taldeko ordezkari Oihane Delgadok, Zarautz Bizirik taldearen eskaria bere eginez. Zazpi akordio proposamen mahai gaineratu zituzten. Horien artean, gerta daitezkeen diskriminazio kasuen inguruko eztabaida foroak antolatzeko konpromisoa hartzeko eskatu zioten udalari, baita giza eskubideak urratu ditzaketen arau murriztaileak ez obeditzeko ere. Zazpi puntuak banaka bozkatu zituzten, eta azkenean bat bera ere ez zuten onartu; Udal Gobernuak aurka bozkatu zuen puntu guztietan, eta oposizioko alderdiek ezezkoa eman zuten batzuetan, aldekoa zenbaitetan, eta abstentziora jo zuten beste puntu batzuetan.

Ondorengo iritzi txandan, Zarautz Bizirik taldearen eskaeren inguruko iritzia eman zuen udal talde bakoitzak. Udal talde guztiek azalpen zabalak eman zituzten; bideoan daude entzungai horiek. 

Laburbilduz, Delgadok ziurtagiria ezartzeak "pertsonen duintasuna ez errespetatzea" dakarrela iritzi zion. Gloria Vazquez PSE-EEko ordezkariak, berriz, esan zuen bere ustez indarrean egon diren arau murriztaileak "beharrezkoak" izan direla, eta pandemiak utzitako datuak errepasatu zituen. Horrez gain, azaldu zuen komunitate zientifikoak txertoa abalatzen duela, eta modu garantistan garatu dutela.

Itziar Muruak EH Bildu koalizioaren izenean azaldu zuen beraien ustez ere hartutako hainbat neurri "ezinbestekoak" izan direla. COVID ziurtagiriaren inguruan, berriz, bat egin zuen koalizioak "komunitate zientifikoak neurriaren inguruan agertu dituen zalantzekin". Zientzialariek ontzat emandako neurriak dira, koalizioaren ustez, bultzatu behar direnak. Dena den, aurkeztutako mozioaren bidez mahai gaineratzen den gatazka ez da egoera honetan "lehen lerroan" dagoena, koalizioaren ustez.

EAJren izenean, berriz, Jesus Aranak hitz egin zuen. Birusak eragindako egoeraren larritasuna azpimarratu zuen, eta gizartea osatzen duten norbanakoek, egoera honetan, "ikuspegi zabal, global eta solidarioa" izan behar dutela azaldu zuen. "Askatasuna ez da mugarik gabea; hori anarkia purua litzateke. Gizakiaren askatasuna, gizartearen barruan, garapenerako bidea ematen duen askatasuna da, legeak tutelatua", esan zuen.