Bihotzetik proiektuaren barruko hitzaldiak izango dira zarautzen astelehenetik aurrera

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 26a, 09:00
Jesus Arana, Javi Aramendia eta Amaia Gozategi, lehen hitzaldiko kartela esku artean. (Amaia Urbieta Arruti)

Heriotzari buruzko hainbat hitzaldi eta film eskainiko dituzte datozen hilabeteetan Zarautzen, Zarautz Herri Zaintzailea elkartearen nahiz Gipuzkoako gainontzeko komunitate errukitsuen elkarteen bidez. 

Bihotzetik Tolosako elkarteak koordinatuta eta Gipuzkoako gainontzeko komunitate errukitsuen elkarteen laguntzarekin (Zarautz Herri Zaintzailea tartean), Bihotzetik ekimeneko hainbat hitzordu izango dira Zarautzen datozen hilabeteetan. Heriotzaren inguruko hainbat solasaldi nahiz film emanaldi antolatu dituzte elkarte horiek ekimenaren barruan. Gipuzkoan sei komunitate errukitsuen elkarte daude gaur egun: Bidasoa Zurekin, Bidegin, ZainBizi, Zarautz Herri Zaintzailea, Amalur eta Bihotzetik. Elkarte horiek dauden gainontzeko udalerrietan ere izango dira ekimeneko hitzorduak.  

Ekimenaren berri eman zuten atzo goizean Amaia Gozategi ZainBizi elkarteko kideak, Javi Aramendia Bihotzetik elkarteko kideak eta Jesus Arana udaleko Gizarte Politiketako zinegotziak. Azken horrek egin zuen lehen hitzartzea, eta azaldu zuen heriotza, bizitzaren parte izan arren, "gaia azaleratzea asko kostatzen" dela. "Errealitate horren inguruan kontzientziazioa bultzatzeko asmoz, udaleko prebentzio arlotik era honetako solasaldiak eta egitasmoak sustatzeko apustua egiten dugu", azaldu zuen. Aramendiak azaldu zuen udalak begi onez ikusi zuela proposamena hasieratik, eta eskertuta agertu zen. Hitzaldiez gain, gaia "modu arinagoan" lantzeko aukera ere jarri nahi izan dute martxan antolatzaileek, zineforumaren bidez. Hala, heriotzaren inguruko gaiak berariaz lantzen dituzten hainbat film ikusteko aukera ere izango da ziklo beraren barruan. 

Lehenengo hitzordua etzi izango da, astelehenarekin, Antoniano aretoan. Iñaki Peña zainketa aringarrietako medikuak heriotza duina izango du hizpide 18:30etik aurrera. Bertaratu nahi duenak izena eman beharko du aurrez 656 74 83 91 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidalita edota www.bihotzetik.org webgunean. Antolatzaileek azaldu dutenez, ez dago arazorik azken unean izena emateko ere. 

Honako hitzaldi eta filmak eskainiko dituzte datozen hilabeteetan:

  • Martxoak 29, asteartea, Azken nahien dokumentua hitzaldia Antoniano aretoan. 
  • Maiatzak 2, astelehena, doluari buruzko hitzaldia Antoniano aretoan. 
  • Maiatzak 3, asteartea, Corazon silencioso filma, Modelo aretoan. 
  • Maiatzak 19, osteguna, Dolutik bizitzara hitzaldia, Antoniano aretoan. 
  • Ekainak 7, asteartea, Bizitzen ikastea, hiltzen ikastea hitzaldia, Antoniano aretoan. 
  • Ekainak 16, osteguna, Zainketa aringarriak etxean hitzaldia, Antoniano aretoan.