Astelehenean hasiko dira Merkatu plazako lanekin

Amaia Urbieta Arruti 2022ko ots. 26a, 10:00
Leire Arana Landa Garapenerako zinegotzia, Lege Zaharren enparantzan probisionalki egongo den karpan. (Zarauzko Udala)

Eraberritze lanek iraun bitartean, Lege Zaharren enparantzan egokitu duten karpan egingo dituzte salerosketak ekoizleek. 

Datorren astelehenean hasiko dira Zarauzko Merkatu plaza eraberritzeko lanak. Leire Arana Landa Garapenerako zinegotziak adierazi duenez, "plazako ekoizle eta postuetako kideen erosotasuna eta baliabideak hobetzea" izango da lanen helburua. Aldi berean, Merkatu plaza "bezeroentzat erakargarriago eta funtzionalago" egin nahi dutela adierazi du. Gaineratu du "Zarauzko altxorra" dela Merkatu plaza, eta udala "apustu garbia" egiten ari dela "lehen sektorea indartzen jarraitzeko eta plazaren iraunkortasuna bermatzen saiatzeko". 

Jaizubia Obras y Servicios enpresari esleitu dizkio udalak eraberritze lanak, eta 314.997 euroko aurrekontua izango dute. Besteak beste, egungo plazako lurra aldatuko dute, ekoizleen postu berri "funtzionalagoak" jarriko dituzte, Merkatuaren irudia eta argiteria berrituko dituzte, aireztapen sistema hobetuko dute, eta bestelako mantenu lan orokorrak ere egingo dituzte.

Karpa Lege Zaharren enparantzan

Lanek iraun bitartean, Lege Zaharren enparantzan egokitu du salerosketarako espazioa udalak. Lehen astean, otsailaren 28tik martxoaren 5era, ekoizleak bakarrik egongo dira kanpoko karpan, eta postu itxiek Merkatu plazan jarraitukfo dute. Martxoaren 7tik aurrera, berriz, itxi egingo dute Merkatu plaza, eraberritze lanekin jarraitzeko. Takila zerbitzua ere karpara eramango dute, eta erabilgarri egongo da obrek iraun bitartean. Eraberritze lanen zati handiena eginda dagoenean, merkatariak plazara itzuliko dira, eta lanen azken zatia plazako eguneroko martxarekin batera egingo dute.